Urteko azken auzoko festak bukatu dira Oiartzunen

Larunbat goizean haurrek batukadan primeran pasa zuten. /  ARGAZKIAK BASTEROBERRI
Larunbat goizean haurrek batukadan primeran pasa zuten. / ARGAZKIAK BASTEROBERRI

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Ostiralean hasi ziren Ugaldetxoko San Migel festak. Ostiral goizean meza eta hamaiketako ederraz gozatu zuten auzotarrek. Baina, ilunabarrera arte ez ziren ofizialki hasi. Festen hasiera, ohi bezala, etxafuegoarekin izan zen. Nahiz eta, buruhandiak, txistulariak eta erraldoiak ere lagundu zuten. Gauean, gau-giro ederra izan zen Ugaldetxon, kanpoan egoteko eguraldi epela zegoenez jendetza hurbildu zen bertara afaltzera. Horrez gain, Truk txapelketa ere izan zen Atamitxen, 52 bikote aritu ziren bata bestearen kontra.

Larunbata goizean berriz, ttikienentzat tailerrak eta batukada izan ziren. Arratsaldera arte atsedena izan zuten auzotarrek. Arratsaldean haur jolasak eta duatloia izan ziren. Ilunabarrean, ordea, gazte zein helduentzat afariak izan ziren. Gazteek, triki-poteoaren ostean karpan afaldu zuten. Eta helduek Atamitxen. Bertan izan zen ondoren, Mirari Martiarenaren bakarrizketa ederra. Karpan berriz, gauean, Bide Batez eta Dj-ak izan ziren.

Igandean, eguraldiak ez zien askorik lagundu ugaldetxoarrei. Goizean goizetik euria eta giro umela izan zuten lagun. Halere, goizeko egitarauak bere horretan eutsi zion. Diana, dultzaineroak, krosa egin ziren. Pilota partidak, berriz, Txipitoko frontoian beharrean Kontzejupean izan ziren. Arratsaldeko goiti-beheren ekitaldia euria medio bertan behera geratu zen. Festei amaiera polita emateko, ordea, Tio Teronen semeak ekitaldiak arrakasta gaitza izan zuen. 19:30ean sardina jatearekin eta zezen-suzkoarekin esan zieten agur ugaldetxoarrek hurrengo urtera arte San Migelei.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos