100 urte bete ditu Florinda Ferreirok

Luisa Isasa alkatearekin eta etxekoekin. /
Luisa Isasa alkatearekin eta etxekoekin.

GOIZARIN OIARTZUN

Hilaren 6an, urtemuga berezia ospatu zuen Florinda Ferreiro Lourença Oiartzungo bizilagunak, izan ere 100 urte bete zituen. Jaiotzez portugaldarra baldin bada ere, urte mordoska dira Altzibar auzora bizitzera etorri zela, haren alabaren etxera. Senitartekoez inguraturik igaro zuen bere urtebetetze eguna, Altzibarren. Bisita bereziak ere izan zituen haren egun seinalatuan. Besteak beste, Oiartzungo udal ordezkariek ere berarekin egon nahi izan zuten haren urtebetetze eguna ospatzeko. Jexux Leonet alkateak oroigarri bat eman zion, «urte askoan!» esaten zion bitartean. Domi Azpiroz eta Iosune Cousillas zinegotziek, berriz, lore sorta eskaini zioten, abegikor. Udal ordezkarien zorion agurrak jasotzeaz gain, senideekin ere ospatu zuen une hunkigarri hori. Hantxe zeuzkan alaba, bilobak, birlobak... bere alboan. Bazkari ederra egin zuten gero, eguna behar den bezala ospatzeko. 100 urte bete arren Florinda bizkor dago, bisitariak Portugaleko bertso ederrak kantatuz agurtu zituen.

Isasa eta Legorburu

Bestalde, hilaren 4an Udalak bazkari goxo bat eskaini zien herriko erretiratuei, Gazte Izanak elkartearen laguntzarekin, Gurutze-Berri jatetxean. Ohiturari jarraituz, egun horretan Jexux Leonet alkatea eta Domi Azpiroz Gizarte Ongizate saileko zinegotzia Constantina Luisa Isasa Olano eta Jose Mari Legorburu Urzelaietarekin, oiartzuar nagusienekin, bildu ziren eta oroigarri bana eta lore sorta oparitu zieten.

Luisa Isasa Olano anderea jaiotzez donostiarra baldin bada ere, Martutene auzoan jaioa, ume zela etorri zen Oiartzun herrira bizitzera, Ardotxene baserrira hain zuzen. Egun Iturriotz auzoko Etxebeltza Goikoa baserrian bizi da. 1916ko martxoaren 23an jaio zen, hortaz aurten 101 urte beteak ditu. Joxe Mari Legorburu Urzelaieta jauna, berriz, 1921eko urtarrilaren 3an jaio zen, Lezoko Herriko Etxe baserrian. 1946an etorri zen Oiartzun herrira bizitzera, Fran-tziska Zabaleku Retegi Enkomentene izenez ezagunagoa den Etxeberri baserriko (Iturriotz auzoa) alabarekin ezkondu zenean. Egun Iturriotz auzoko Gure Etxean bizi da. Legorburuk 97 urte ditu. Gurutze-Berri jatetxean ere estimatua izan zen Gazte Izanak Udalarekin batera antolatutako bazkaria eta 239 erretiratu elkartu ziren. Bapo bazkaldu ondoren, auzo bakoitzeko aiton-amona edadetuenak saritu zituzten. Musikaz gozatzeko ere baliatu zuten bazkal ondorena, eta makina bat lagun dantzan ibili ziren.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos