Udaleko eta Ttur-Turreko ordezkariak euskaltzaleekin bilduko dira arratsaldean

GOIZARIN OIARTZUN.

Udalak eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak herriko eragile eta euskaltzaleak gaur egingo den bilerara deitu dituzte. Hitzordua Manuel Lekuona bibliotekan izango da, arratsaldeko 19:00etan.

Saioan, datozen bi urteetarako euskalgintza arloan lehentasunezkoak izango diren ekimenak aurkeztuko dituzte. Besteak beste, «Oiartzunen euskararen erabilerak azken urteetan izan duen eboluzioaren inguruan sortutako kezkatik abiatutako ekintzak proposatuko ditugu. UEMAk antolatutako euskararen arnasgune tailerren ondoren, lantalde bat buru belarri dabil gai hau jorratzen», argitu dute antolatzaileek.

«Eskualde mailako oarsoarrak egitasmoak euskararen aldeko aktibazioan eman dituen urratsak ere azalduko dira. Euskararen egoera ezberdina da eskualdeko herri bakoitzean. Gure kasuan, 2017ko abenduan Oiartzunen Konpromisotik Aritzera dinamika martxan jartzea aurreikusten da», gaineratu dute. «Herritik eta herriarentzako abiatutako ekimenak direnez euskararen arloko hauek, gonbidapena ere irekia da, euskararekiko interesa duen edonorentzat», nabarmendu dute.

Fotos

Vídeos