Udalak eta Ttur-Turrek eragile eta euskaltzaleak bilerara deitu dituzte

Aurrera begirako ekimenak partekatu nahi dituzte saioan

GOIZARIN OIARTZUN.

Udalak eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak herriko eragile eta euskaltzaleei bilerarako deia egin diete datorren ostegunerako, hilak 13. Hitzordua Manuel Lekuona bibliotekan izango da, arratsaldeko 19:00etan.

Saioan, datozen bi urteetarako euskalgintza arloan lehentasunezkoak izango diren ekimenak aurkeztuko dituzte. Besteak beste, «Oiartzunen euskararen erabilerak azken urteetan izan duen eboluzioaren inguruan sortutako kezkatik abiatutako ekintzak proposatuko dira. UEMAk antolatutako euskararen arnasgune tailerren ondoren, lantalde bat buru belarri dabil gai hau jorratzen», adierazi dute antolatzaileek.

«Eskualde mailako Oarsoarrak egitasmoak euskararen aldeko aktibazioan eman dituen urratsak ere azalduko dira. Euskararen egoera ezberdina da eskualdeko herri bakoitzean. Gure kasuan, 2017ko abenduan Oiartzunen Konpromisotik Aritzera dinamika martxan jartzea aurreikusten da», gaineratu dute.

«Herritik eta herriarentzako abiatutako ekimenak direnez euskararen arloko hauek, gonbidapena ere irekia da, euskararekiko interesa duen edonorentzat», azpimarratu dute.

Fotos

Vídeos