Udaberriko kontzertua Auzokalten, datorren larunbatean

Hitzordu erakargarria datorren larunbatean. /  BASTEROBERRI
Hitzordu erakargarria datorren larunbatean. / BASTEROBERRI

Ezpelur dultzaineroak, Vicente Prado 'El Pravianu' gaiteroa eta Celestino Rozada kantaria izango dira oholtza gainean

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Kukuarekin batera heldu da urtero legez Udaberriko kontzertua Herri Musikaren txokora, Auzokalten daukan aretora. Datorren larunbatean, hilak 5, erraldoiekin dantzatzen ikasteko tailerra izango da haur eta gurasoentzat, goizean. Arratsaldean, berriz, Udaberriko kontzertua 18:30ean hasiko da.

Arratsaldean musika mota ezberdinarekin gozatzeko aukera izango da Auzokalten. Batetik, Barañaindik datorren Ezpelur dultzaineroen taldeak Nafarroako festetako doinuak gogoraraziko dizkie Ergoien aldera gerturatzen diren musikazaleei. Bestetik, Asturiasetik Vicente Prado 'El Pravianu' gaiteroa etorriko da bertako doinuekin eta berekin Celestino Rozada tonada asturiarra kantatzen duen abeslaria ariko da.

Arestian aipatu den moduan, kontzertua Soinuenearen ondoan dagoen Auzokalte elkartean izango da. Kontzerturako sarrerak 5 euro balio. Eta kontzertuaren ondoren, ohi bezala, afaria izango da.

Kontzerturako eta afarirako txartelak, berriz, 20 euro balio du. «Afaltzera geratzeko asmoa duenari antolaketa errazteko aurretik Soinueneara deitu edo idatzita erreserba egitea eskatzen diogu», adierazi dute antolatzaileek. Horretarako, telefono honetara deitu daiteke 943 493 578 edo soinuenea[abildua]soinuenea.org helbidera idatzi.

Erraldoiekin dantzatuz

Eta etxeko txikientzat tailer aparta izango da Soinuenean, datorren larunbat goizean. Ezpelur dultzaineroen gidaritzapean haurrek erraldoiekin nola dantzatzen den ikasteko aukera izango dute saioan. Goizeko 11:30ean jarri dute hitzordua, Ergoien auzoan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos