Txomin Perurenaren garaikurrak Elorsoron jarri dira, herritarren bistara

Ezkerretik hasita, Monroy, Eduardo Soto, Jexux Leonet, Txomin Perurena, Bibiano Arbelaitz eta Enekoitz Markos. / BASTEROBERRI
Ezkerretik hasita, Monroy, Eduardo Soto, Jexux Leonet, Txomin Perurena, Bibiano Arbelaitz eta Enekoitz Markos. / BASTEROBERRI

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Txomin Perurenak txirrindulari izan zen urteetan lortu zituen garaipen nagusiak gogoratzen dituzten garaikurrak Elorsoro kiroldegiko sarreran jarri dira, herritar guztien ikusgarri. Guztira, bost garaikur, busto bat eta plaka bat jarri dira baita Perurenaren garaipen guztien zerrenda ere. Oiartzuarrak 158 garaipen lortu zituen profesional izan zen 14 urteetan, 60. eta 70. hamarkadetan.

Perurenak berak Oiartzungo Udalari eman zizkion dohaintzan bere garaikur guztiak duela urte batzuk. Jexux Leonet alkateak «herriari egindako oparia» eskertu zion eta «herritarrek zure ibilbidearen berri izan dezaten, toki egoki bat» prestatu dela gaineratu zuen aurreko ostiralean Kiroldegian burututako ekitaldian.

Txirrindulari oiartzuarrak Leonet alkatea eta Enekoitz Markos Kirol zinegotzia izan zituen aldamenean, baita bere ibilbidearekin erabat lotuta egon ziren Lartaungo Zikloturista Elkarteko Bibiano Arbelaitz, Errenteriako Laguntasuna elkarteko Alberto Monroy eta Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko lehendakari Eduardo Soto.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos