Txinalka antzerki taldearen arrakasta 'Futbol-partida' antzezlanarekin

Antzerki taldeko kideak oholtza gainean. / BASTEROBERRI
Antzerki taldeko kideak oholtza gainean. / BASTEROBERRI

Udaletxeko areto nagusia mukuru bete da bi egunetan

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Aurreko urteetako arrakasta ikusirik, aurten ere bi saio zeuden iragarrita helduen antzerki taldeko antzezlana ikusteko: lehendabizikoa larunbatean, hilak 2; bigarrena, igandean, hilak 3. Bitan izan zuen arrakasta eta 200 bat lagunek ikusi dute 'Futbol-partida' izeneko azken lana.

Ikusleek bazuten ikusmina eta saioaren amaierako txalo zaparradarekin izugarri eskertu zuten aktoreen lana. Tessa Andonegik gidatzen duen taldeak Achille Campanille dramaturgo italiarraren 'Futbol-partida' antzezlana eskaini zuen. Gainera, historian lehenengo aldia izan da antzezlan hori euskaraz ikusten dena, non, eta Oiartzunen.

Oholtza gainera hamabi aktore igo ziren: Udane Altuna, Pili Arbelaitz, Usoa Arbelaitz, Jesus Gonzalez; Nati Gonzalez; Amaia Ibarguren; Izaskun Llona; Marga Maritxalar; Luix Mitxelena; Martin Otazo; Izaro Otxoa eta Ekain Susperregi dira.

Antzezlan bikaina, ezbairik gabe, asteburuan ikusi dena udal areto nagusian. Aktoreek izugarrizko lana egin dute XX. mendeko obra bat egokitu eta herriari eskaintzeko.

Orain, gaztetxoen emanaldiak

Eta orain gaztetxoen txanda izango da. Pasa den asteazkenean, esate baterako, Arditurri taldeak 'Bizitza hau ez dugu nahi' antzezlana eskaini zuen. Era berean, Langosta taldeak 'Hotela The Hotel El Hotel' emanaldia taularatu zuen.

Gaur, berriz, Txiribuelta taldeak hartuko du antzerkiaren lekukoa. 'Zinema paradise' antzezlana esakiniko du 18:30ean, udal areto nagusian.

Izen-ematea zabalik

Oiartzungo 12 eta 18 urte arteko gaztetxoek datorren ikasturterako Oiartzungo Antzerki Eskolan izena emateko aukera bihar arte zabalik dute. Interesatuek Elorsoro kiroldegira, Haurtzaro Ikastolara edota Elizalde Institutura zuzendu beharko dute. Ordainketaren ziurtagiria eta izen-emate orria aurkeztu behar dira horretarako. Ikasturtea 60 euro ordaindu beharko dute oiartzuarrek eta 80 euro kanpokoek.

Ordu eta erdiko eskolak

Datorren ikasturteko eskolak Karaez kaleko 4. zenbakiko lokalean emango dira. Irailaren 26an, ikasturtearen aurkezpen bilera izango da (19:00etan, lokalean) eta ordutik aurrera hasiko dira saioak.

Astean ordu eta erdiko saioa izango da: asteartetan (19:00-20:30), asteazkenetan (14:45-16:15) edo ostiraletan (14:45-16:15). Izena ematerakoan, ordutegien artean gustukoena aukeratu beharko dute gaztetxoek. Informazio gehiago kultura@oiartzun.org-era idatzita edo 943 49 10 14 telefonora deituta eskatu daiteke.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos