Traka mundialarekin amaituko dira gaur Altzibar auzoko festak

Dultzainaren doinuek girotu dute Altzibar auzoa.
Dultzainaren doinuek girotu dute Altzibar auzoa. / ARGAZKIAK GOIZARIN

Besteak beste, VI. pintxo lehiaketa, haur jolasak eta herri kirolak gaurko egitarauan

GOIZARINOIARTZUN.

Altzibar auzoa San Pedro festetan murgilduta dabil eta gaur festetako azken eguna ospatuko dute. Hala, goizeko 09:00etan diana izango da eta 11:30ean, Altzibarko VI. pintxo txapelketari hasiera emango zaio. Partaide bakoitzak pintxo bereko bost errazio eraman beharko ditu. Saria: bazkaria bi lagunentzat Matteo jatetxean.

Eguerdiko 12:00etan, Euskal dan-tza eta dantza-jauziak, Haurtzaro Dantza taldea eta Helduen Tailerraren eskutik. Jarraian, pintxo txapelketako sari banaketa egingo da. Eta eguerdiko 14:00etatik aurrera, jubilatuen bazkaria Bazkun Zahar Berri elkartean.

Arratsalde partean, berriz, 17:30etik aurrera haur jolasen txanda izango da, gaztetxoen gozamenerako. Hauek amaitutakoan, 19:00ak aldera, txokolatada, aparren jolasa eta ur-guda atzeko plazan. Antolatzaileek adierazi dute haurrek erabiltzen dituzten txankletak ondo lotuta eta jantzita eraman behar dituztela, galdu ez ditzaten. Gurasoek ere adi-adi egon behar dute haurrak non dabiltzan jakiteko.

Gero, 18:30ean, herri kirolen txanda izango da, Inaxio Perurenaren erakustaldiarekin. Eta aurtengo festekin bukatzeko, pintxoak eta bokatak txosnan. Azkenik, gaueko 22:30ean traka mundiala.

Euriak ez ditu zapuztu festak

Goizeko eguraldi petralak gehiegi lagundu ez bazuen ere, Altzibar auzoan festa zen nagusi atzo ere. Arratsalde partean, gaztetxoek nahiz nagusiek gozatu zuten danborradarekin. Lehendabizi txupinazoa bota zuten eta poteoa egin zuten auzotik barrena. Gero, danbor eta upel soinuak izan ziren protagonistak Altzibarren, danborlari finak direla erakutsi zuten beste behin ere. Izan ere, Sarriegiren doinuak primeran jo zituzten makilak ederki dantzatuz. Nabari zen primeran entsegatu zutela aurreko asteetan.

Iturriotzen txanda

Eta Altzibarreko festak amaituta, iturrioztarren txanda izango da hilabetearen amaieran. Urtero legez, hilaren 24an hasiko dira, Santiyo Egunaren bezperan eta 31n amaitu, San Inazio Egunean. Dagoeneko Iturriotzko festa batzordean buru-belarri lanean ari dira ahalik eta jai oparoenak antolatzeko.

Fotos

Vídeos