'Torri Gukin' egitasmoko partaideak unibertsitatean

Oiartzungo aiton-amonak unibertsitateko ikasleekin. /  BASTEROBERRI
Oiartzungo aiton-amonak unibertsitateko ikasleekin. / BASTEROBERRI

Haien bizipenak, argazkiak eta bideoak partekatu dituzte lehenengo mailako ikasleekin

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Aurreko astelehenean, 'Torri Gukin' egitasmoko partaideak Donostiako campusean dagoen Deusto unibertsitatean izan ziren, Gizarte Heziketa gradua ikasten ari diren lehenengo mailako ikasleekin.

Nekane Martiarena egitasmoaren suspertzaileak adierazi du fakultateko Marta Ruiz irakaslearen deia jaso zutela haren irakasgaian Oiartzungo egitasmoa txertatzeko asmoz. «Gure bisitaren helburua 'Torri Gukin' proiektua aurrez aurre azaltzeaz gain ikasleekin partekatzea ere bazen, batetik erabiltzaile eta hartzaile moduan, baita haien etorkizuneko profesioan gure esperientziaz jabetzeko ere», gaineratu du.

«Ordu eta erdiko emanaldian, gure bizipenak, argazkiak eta bideoak partekatu genituen Deustoko ikasleekin. Oso momentu hunkigarriak bizitu genituen», aitortu du.»Saioaren amaieran, ikasle batek elkarrekin abestea proposatu zigun eta Mikel Laboaren 'Txoriak txori' kantatu genuenean asko eta asko emozionatu ziren», nabarmendu du. Gainera, «ikasle batzuk oso hunkituta esan ziguten haien aiton-amonak ere animatuko dituztela antzeko egitasmoetan parte hartzera», dio gustura.

Argi dago oso esperientzia aberatsa izan dela guztientzat. «Saioaren amaieran gure aiton-amonek esaten zuten sekula ez zutela pentsatuko laurogei urtetan Unibertsitatea ezagutuko zutenik, are gutxiago hitzaldi bat ematera deituak izango zirenik ere. Bertako gazteak emozionatuta ikustea lorpen handia izan da guretzat».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos