Somportera eskiatzera Haurtzaro Ikastolako mendi taldearekin

Haurtzaro mendi taldea iazko eski irteeran. / BASTEROBERRI
Haurtzaro mendi taldea iazko eski irteeran. / BASTEROBERRI

Arrakasta handiko irteera izanik, aurten ere asteburu osokoa antolatu dute

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Mendian elurra egitearekin batera animatu dira Haurtzaro Mendi Taldeko kideak eskiatzera joateko prestaketa lanetan. Izan ere, hezkuntza ez da geletara eta liburuetara mugatzen, ikastetxeko paretatik at ere gauza asko ikas daitezke: Euskal Herriko eta Aragoiko hainbat paraje ezagutu, naturarekiko errespetua eta miresmena landu, talde kohesioa eta elkarbizitza sustatu... Horixe egiten du Haurtzaro Mendi Taldeak urtean zehar antolatzen dituen ibilaldietan. Dagoeneko aurtengo ikasturtean bi ibilaldi antolatu ditu arrakasta osoz eta arestian aipatu moduan, orain eskiatzera joateko asmotan dabiltza.

Egitasmoa

Hortaz, urtarrilaren azken asteburuan, 27-28an, Somportera joango dira eskiatzera bertan parte hartu nahi duten Haurtzaroko ikasle eta gurasoekin. Egitasmoa ondorengoa izango da: urtarrilaren 27an, larunbatean, goizeko 06:00etan ikastolako aparkalekuan elkartu, horren ondoren autobusa hartu eta abiatuko dira. Ledian geldiunetxo bat egin ondoren, Somport eski estaziora iritsi, materiala alokatu eta eskiatzeko prestatuko dira monitoreek aginduta hainbat taldetan egokitu eta gero.

Goiza eskiatzen pasatuko dute. Eguerdian atsedena hartuz, bazkalduko dute eta arratsaldean, berriz, eskiatzen jarraituko dute, pistak itxi arte. Gero, autobusa hartu eta Candanchun (Huescan) dagoen Valle de Aragón izeneko aterpera joango dira, ostatu hartzera. Bertan, afaldu eta lo egingo du Haurtzaroko espedizioak.

Igande goizean, gosariarekin indarberrituta, berriz pistetara joango dira. Goiz erdira arte eskiatuko dute, atseden txiki bat hartu, eta berriz eskiatuko dute 15:00ak arte. Aldatu eta gero, zerbait jan eta autobusa hartuko dute berriro Oiartzun aldera, 20:00etan iristeko. Haurtzaro Mendi taldeko arduradunek adierazi dute berez eskiatzen jakitea ez dela beharrezkoa, mailaren araberako taldeak egingo baitituzte.

Mendi irteera honetan parte hartzeko eraman behar diren materialak, besteak beste, ondorengo hauek dira: alde batetik, aldatzeko arropa, eskularruak, eguzkitako betaurrekoak eta eguzkitako krema.Larunbateko eta igandeko hamaiketakoak, bazkariak eta meriendak ere eraman beharko dira, bestetik. Azkenik, lo zakua, dutxatzeko tresnak eta toalla ere eraman beharko dira.

Era berean, eskiatzeko materialik ez duenak, bakoitzaren altuera eta oinetakoen zenbakia aurrez eman behar du Ikastolako idazkaritzan, materiala aurrez eskatu ahal izateko. Eskiatzera joan nahi duenak, izena ematerakoan ordainketa egin behar du. Eta, azkenik, kontuan hartu izena emateko azken eguna urtarrilaren 19a dela.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos