Pirritx, Porrotx eta Marimototsek hilaren bukaeran bisitatuko dute Oiartzun

Ugaldetxo kultur taldeko kideak eta Cousillas zinegotzia Pirritx eta Porrotxen emanaldia aurkezten. /
Ugaldetxo kultur taldeko kideak eta Cousillas zinegotzia Pirritx eta Porrotxen emanaldia aurkezten.

Datorren larunbatean salduko ditu sarrerak Ugaldetxo Kultur Taldeak

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Ugaldetxo Kultur Taldeak Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna antolatu du hilaren 28rako, igandea. Emanaldi honekin, dagoeneko pailazoen emanaldia prestatzen dutena hogeita bigarren aldia da, herriko ttikienen gozagarri. Izaro Ansa, Arantxa Iñarra, Pello Larraia eta Xabier Urkia Ugaldetxo Kultur Taldeko kideek eta Josune Cousillas Kultur zinegotziak elkarrekin aurkeztu dute saioa.

Aurtengoan, Borobilean emanaldia izango da ikusgai, Katxiporreta faktoriaren azken lana. Saioa hilaren 28an izango da Elorsoro kiroldegian, 17:00etan. Hala ere, sarrerak astebete lehenago salduko dituzte: hilaren 20an, larunbata, Elorsoro kiroldegiko leihatilan.

Haurren sarrerak 5 eurotan salduko dira eta helduenak, 8 eurotan. Bi urtez azpiko haurrek ez dute sarrerarik erosi beharko. Erosle bakoitzak gehienez zortzi sarrera erosteko aukera izango du. Egunean bertan ere salduko dira sarrera batzuk.

1.500 lagunentzako tokia izango da Elorsoron. Antolatzaileek, ahalik eta haur gehienek emanaldiaz gozatzeko aukera izan dezaten, heldu bakoitza ahalik eta haur kopuru altuenarekin joateko eskatu dute.

Ia kasualitatez hasi

Ia-ia kasualitatez hasi zen Ugaldetxo Kultur Taldea pailazoen emanaldia antolatzen. Hirukotea Takolo, Pirritx eta Porrotxek osatzen zutenean eta oraindik oso ezagunak ez zirenean, pailazoen deia jaso zuten ugaldetxoarrek, emanaldi bat antolatzeko proposamena eginez.

«Antolatzen genituen ekintza gehienak helduentzako zirela eta, haurrentzako emanaldia prestatu genuen», akordatzen dute Iñarrak eta Urkiak. Lehenengo emanaldia Ugaldetxoko eskoletan egin zuten duela 22 urte. Ordutik, urtero Pirritx, Porrotx eta hauen lagunak urtero etorri dira Oiartzunera, Ugaldetxo Kultur Taldearen eskutik. «Apustua egin genuen eta oso harreman polita sortu da gure artean», diote taldekideek.

Oiartzungo Udalak Ugaldetxo Kultur Taldeak urte hauetan guztietan egin duen lana aitortu eta herriko familiei haurren artean horren maiteak diren Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldi ludiko-hezitzaileez gozatzeko aukera eskaintzeagatik.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos