Otso ehizaren arrastoak Oiartzunen

Otsoa mendian eta Oiartzunen otsoak ehizatzen zirenaren arrastoak. /  CANELA / BASTEROBERRI
Otsoa mendian eta Oiartzunen otsoak ehizatzen zirenaren arrastoak. / CANELA / BASTEROBERRI

Otsoen aurkako ekimenak izan zirela agertu da artxiboetan

BASTEROBERRI OIARTZUN.

'Handia' filma bolo-bolo dabil azken asteotan; honen girotzea sekulakoa da. Film hasieran Martin anaiak otsokumea hartzen du. Garaiko giroaren adierazle bikaina da. Duela ez asko, gure basoak halako animalien bizileku ziren. Baso eta oihanak piztien bizitoki ziren eta, abere eta aziendei kalte nabarmenak eragin zizkieten. Oiartzunen bizi zen egoerari buruz galdetu diogu geure buruari.

Datuak eskutan, basapiztien artean otsoek izan zuten protagonismorik nabarmenena denbora tarte jakin batean: XVIII. mende hasieran bereziki larria izan zela ematen du.

Faktoreetako bat gerra egoera litzateke (Ondorengotza Gerra). Halako garaiek basoetako giza-jarduna apalduko dute eta bizitza basatiak aurretik galdutako lekua berreskuratuko zukeen. Prozesu hori XIX. mendean eman zen, baita Oiartzunen ere.

Udal-aktez gaindi, Oiartzungo bestelako dokumentazioak ere hainbat datu eskaintzen dizkigu. XV. mende amaierako Errenteria eta Bailararen arteko mugarritzean, adibidez, Olaberriaga inguruetatik gertu zeuden mugarrien artean, bat otso-zulo baten ondoan zegoen. Askoz adierazgarriagoak dira 1501eko ordenan- tzek dakarzkiguten berriak. 55. tituluak otso eta azeriak ehizatzeagatik sariak adosten ditu: otso heldu bakoitzeko, dukat erdia; harrapatzen zen otsokume bakoitzeko, dukat erdia; azeriko, aldiz, 3 txanfoi t'erdi.

Neurriak animalia horiek oso ugariak zirela islatzen du. Ordenantzek urtean hiru egunez ehizaldi bana egingo zirela xedatu zuten, goizetik gauera arte iraungo zutenak. Jarduna 80-100 lagun inguruk burutuko zuten, lau taldetan banatuak. Otsoak eta azeriak oiartzuarren helburu baziren ere, bazegoen bestelako piztien arriskurik, hartzak kasu. Hauen erasoak urriagoak ziren, baina LXVI. ordenantzak aipamena egitea (otso, hartz eta «antzeko animaliek» egindako erasoak), noizean behin begiztatzen zirenaren isla dakar.

Udal aktetan azaltzen zaizkigun lehenengo berriak Lesakako udalba-tzak Oiartzungoari bidalitako gutunei esker dakizkigu. 1696ko urtarrilaren 14an nafarrek egindako ehiza-tzearen berri eman zion Bailarari.

Ia urtebetera, 1696ko abendu eta 1697ko urtarrila bitartean, bi herriek hainbat gutun bidali zioten elkarri. Lesakak laguntza eske idatzi zion Oiartzuni, Anizlarrea inguruetan otsoek sortutako arazoak zirela eta. Oiartzunek proposamena ez zuen gaizki ikusi eta gaia jorratzeko hainbat auzo bidaliko zituela adierazi zuen. Esan bezala, 1700 urtetik aurrera izan zen otsoen jardunaren gorenaldia. Ordura arte erabilitako prozedurak erabili ziren: otsoak hiltzeagatik sariak ematea, abeltzainei eta eliz-kabildoari diru-laguntza eskatuz. Ez ziren neurri bakarrak izan.

Lesaka eta Oiartzunen artean ikusten genuen laguntza hedatzeko bidean zen. 1700eko urtarrilean, Bailarak ehiza lanetan aritzeko laguntza eskatzea adostu zuen, Lesakaz gain Arantza, Igantzi, Astigarraga, Irun, Errenteria eta Goizuetari asmoen berri emanez. Guztiei gutunak zuzendu zitzaizkien eta esker ona azaldu zioten Bailarari, ahal zuten horretan lagunduko zutela adieraziz. Salbuespena Errenteria izan zen: otsailaren 3an bidalitako gutunean parte hartzeari uko egin zion, pairatzen zuen diru eskasia zela eta. Goizuetak, aldiz, otsoak eta bestelako piztiak ehizatu zituztenei saria emateko asmoari baiezkoa emateaz gain, Lesaka, Arantza eta Aranorekin elkarte edo batasun bat sortzeko proposamena luzatu zuen.

Asmoek aurrera egin zuten eta Artikutzan hainbat bilera egin ziren. Adierazgarriena otsailaren 15ekoa da, sariaren ingurukoa. Astebete lehenago, Oiartzunek eta Lesakak batzarra ospatu zuten leku berean, baina bigarren honetara Arantza, Igantzi, Astigarraga, Goizueta, Arano eta Orreagako Kolegio-etxeetako ordezkariak ere joan ziren. Iruni ere proposamena luzatu zitzaion baina ez zuen ageriko asmorik agertu, bertako abeltzainek otsoek eragindako kalterik aspaldidanik pairatu ez zutelako. Helburua, otsoak ehizatzeko Elkarte bat sortzea zen.

Herrien arteko elkartea

Nafarrak ez ziren izan kezkak plazaratu zituzten herri bakarrak. Badakigu Gipuzkoako herrien artean ere otsoak ehizatzeko elkarteak sortzeko asmoak zeudela. Astigarragak martxoaren 5ean Oiartzuni zuzendutako gutunean Altza, Amasa, Andoain, Errenteria, Hernani eta Irunen artean halako ekimena bultza-tzeko asmoak agerian uzten zituen.

Asmoa zertan gelditu zen ez dakigu, baina Oiartzun eta herri nafarren artekoak aurrera jarraitu zuen. Elkartea 1700 urteko martxoaren 9an Artikutzan ospatu zen batzarrean sortu zen. Helburu nagusia otso eta bestelako piztiak ehizatu eta harrapatzeko kontuak arautzea zen.

Elkartea zortzi urtez egon zen indarrean, 1708 urte amaiera arte, eta sei herriz eta eskualdeko abeltzainez osatua bazegoen ere, kide gehiago sartzeko aukera adostu zen.

Ia kapituluen erdia, hiru, sarien ingurukoak ziren. Otso edo hartzen bat ehizatu edo hiltzen zuenari 28 pisu nafar emango zitzaizkion; ehizatu edo harrapatzen zen otsoko edo hartz-kume bakoitzeko, berriz, 3'5 pisu jasoko zituen. Kapitulu horrek hainbat zehaztapen zituen: hiru kume baino gehiago harrapatzen zituenari bikoitza emango zitzaion, 7 pisu. Kopuru hau finkoa zen; ez zen gehiago ordainduko lautik gora kumegatik.

Hitzarmenaren hirugarren kapituluak tigreak ehizatu edo akaba-tzen zuenaren saria xedatzen zuen. Lan horrengatik 7 pisu jasoko zituen. Ustezko 'tigre' horien erasoen ondorioak askoz txikiagoak zirela islatuko luke sariak. 'Tigreak'urriagoak ziren eta tamaina txikiagoa zuten. 'Tigre' kontzeptuaren atzetik basakatu edo katamotzei erreferentzia egiten zi-tzaien.

Diruaren kontua oso arautua gelditu zen. Ehiztariak ehiza 24 orduko epean jakinarazi behar zuen alkatearen aurrean. Udal-epaileak lekuko-tza egingo zuen zortzi eguneko epean, egia zen ala ez jakiteko asmoz. Ehiztariei beste betebehar bat jarri zitzaien: eskupekoa jasotzen zuen azken udalerrian larrua eta kumeak utzi beharko zituen.

Elkarteaz haratago, herri bakoitzak bere neurriak hartu zituen. Zazpigarren kapituluak, adibidez, otso ehizaldiak errepublika bakoitzaren esku uzten zuen. Herriek ingurukoei berri ematen zien, bereziki jarduna mugakide ziren eremuetan bazen

Lesakak, adibidez, 1704ko apirilean Oiartzunekin muga egiten zuten lurretan lau ehiztari eta bi artzakur jarriko zituela jakinarazi zion Bailarari.

Ehiztarientzako lan-sariak

Bailarako abeltzainek edota aziendak zituen orok ehiza-sariaren ordainketan parte hartu behar zuen, udalbatzak adosten zuen diru-kopurua emanez. Sistema hori aitzindari izan zen, mende beranduago zabaldu egin baitzen. 1704ko martxoan, bakoitzak jarri beharreko dirua ezkutu laurden bat izan zen, aurreko bi hilabeteetan harrapatutako lau otsoengatik ehiztariei zor zena ordaintzeko. 1705ean abeltzain bakoi-tzari erreal-zilar bat ordaintzea egokitu zitzaion.

Hori bideratzeko, Oiartzunek biltzaileak izendatu zituen. 1704ko martxoan 17 izan ziren hautatutakoak Arkotz, Ergoien, Bidasorogarrika, Torresaran, Elbarren, Altzibar, Iturriotz eta Elizalden jarduteko. Hamabost eguneko epean bildutako dirua udaletxean entregatu behar zuten. Urte hartako apirilean Bailarak bi diru-biltzaile izendatu zituen, Sebastian eta Erramus Lekuna.

Hauen lana ehiza-sari bilketa ikuskatzea eta auzuneetako arduradunek dirua jasotzea zen. Ondoren, Lekunatarrek bilketaren nondik-norakoa azaldu behar zuten, zordunak dirua ordaintzera behartuz.

Sari-bilketa egitea ez zen beti erraza izan. Bikarioari 1700. urteko apirilean idatzi bat zuzendu zitzaion, abeltzainek, otsoen ehiza-sariagatik zegokien ekarpena egin zezatela jakinaraz zezan. Antzeko kontuak ageri zaizkigu 1705 urtean ere eta akta-liburuetan 1704-1706 arteko zerrenda edo erroldak biltzen dira, otso ehiztariei eskupekoa ordaindu zuten eta ez zutenen abeltzain edo jendeari buruzkoak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos