OKEko bi talde gorenek porrota jaso dute

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Oiartzun Kirol Elkarteko bi talde gorenek, hau da, emakumezkoen Bigarren Mailako taldeak eta Ohorezko Erregionaleko mutilek porrota jaso dute. Emakumezkoen taldeak Athleticen aurka jokatu zuen Lezaman. Partida gogorra espero zuten eta halaxe izan zen. Oiartzungo emakumezkoen taldea oraindik maila berriari neurria hartzen ari da. Baina, oraingoan aurkari gogor baten aurrean topatu zen. Athletic beti izan ohi da etsai gogorra eta horretarako prest joan ziren OKEko neskak. Athleticek 4 gol sareratzea lortu zuen. Baina, oiartzuarrak ere ez ziren atzean geratu, 3 gol egin baitzituzten, lehenengoa Malenek sartu zuen eta hurrengo biak Sarak.

Mutilen taldeak Tolosako taldea hartu zuen Karla Lekuona zelaian. Partida hasi bezain pronto Tolosako taldea gogor hasi zen. 12. minuturako lehenengo gola sartu zieten Tolosakoek. Bigarren gola ikusteko bi minutu besterik ez ziren itxoin behar izan. Oiartzungo mutilak baloiaren maneiuan ez ziren atzean geratu, baina atera hurbiltzea zaila zitzaien. Ongi jokatu zuten arren ez zen baloi bat bera ere sarera iritsi. Atsedenera 0-3ko emaitzarekin ailegatzea ere gogorra izan zen, horri buelta ematea ezinezkoa ez baina zaila zelako. Bigarren zatian, burumakur atera zen hamaikakoa zelaira eta tolosarrek beste hiru gol sartu zituzten. Horrela, 0-6 bukatu zen partida.

Preferenteen taldeak ere larunbat arratsaldean jokatu zuen anexoan, Billabonako taldearen aurka aritu ziren. Bana berdindu zuten, oiartzuarren gola Asier Etxeberriarena izan zen. Ohorezko gazteek, aldiz, galdu egin zuten Dunboaren aurka 3-1. Gazteen taldeak 0-0 berdindu zuten Beti Onak taldearen aurka. Ohorezko kadeteek ere galdu, 1-3 Real Unionen aurka. Kadeteek ere porrota, 1-5 Martuteneko taldearen kontra. Ohorezko haurrak ere galdu, 3-1 Vasconia taldearen aurka. Haurrek Hondarribian 1-0 galdu zuten.

Euskal Ligako neskek 1-2 irabazi zuten Lakuan. Territorialeko taldeak Beti Gazteren aurka 2-1 galdu zuen.

Fotos

Vídeos