OKEko neska-mutilak dagoeneko martxan dira

Mugarza jokalaria. / BASTEROBERRI
Mugarza jokalaria. / BASTEROBERRI

Gizonezkoen Ohorezko Erregionaleko taldeak asteburuan hasi du liga

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Oiartzun Kirol Elkarteko neska-mutilak ari dira poliki-poliki ligan sartzen. Asteburu honetan Bigarren Mailako emakumezkoek, Euskal Ligako neskek eta Ohorezko Erregionaleko gizonezkoek izan dituzte partiduak.

Ligako bigarren partida izan zuten Bigarren Mailako emakumeek asteburuan. Zarautzen izan zen partida ostiralean, ilunabarreko 19:00an. Zarauzko emakumeen taldea aurten igo berri da Bigarren Mailara. Hori dela eta, Oiartzungo taldea nahiko partidu erraza izango zelakoan zelairatu zen. Baina, gehiegizko konfiantza horrek ez zuen lagundu. Zarautzek garaitu baitzuen partidua 3-1. Gol bakarra sareratzea lortu zuten gure neskek, Ane Perez errenteriarrari esker. Hala eta guztiz ere, ez zen nahikoa izan hiru puntuak etxera eramateko. Horrela, liga hasi besterik ez bada egin ere 12. postuan kokatu da OKEko emakumezkoen taldea.

Hurrengo partiduan etxean jokatuko dute, Barakaldoko Pauldarrak taldea hartuko dute Karla Lekuona zelaian.

Euskal Ligako neskek asteburu honetan eman diote hasiera ligari. Etxean hasi zuten liga larunbatean arratsaldeko 18:00an. Arratiako nesken taldea hartu zuten Karla Lekuonako zelai artifizialean. Eguraldia ez zuten lagun izan, izugarrizko euri erasopean jokatu behar izan zuten partida. Eguraldia aitzakia izan gabe, ordea, 0-3ko emaitza lortu zuten. Arratiako neskek lortu zituzten asteburu honetako hiru puntuak.

Gizonezkoen talde gorenak, Ohorezko Erregionaleko taldeak, ere pasa den asteburuan hasi du liga. Etxetik kanpo hasi zuen liga, Hondarribian. Partidu gogorra izan zen, bi taldeak indartsu hasi baitziren. Lehen zatian bi taldeek aukera franko izan zuten baloia sareratzeko. Oiartzuarrak izan ziren, ordea, atsedenera gol batekin iritsi zirenak. Bigarren zatian hondarribiarrek gogor hartu zuten kanpoko taldea. Hala eta guztiz ere, oiartzuarrek bigarren gola egitea lortu zuten, partidua bukatu baino minutu gutxi lehenago.

Ligako bigarren partidua etxean jokatuko dute Real Unionen kontra Karla Lekuona zelaian, larunbatean 16:30ean.

Fotos

Vídeos