Oinbusa martxan da bi ikastetxeetan

Oinbusa Iturriotz auzotik barrena. /  BASTEROBERRI
Oinbusa Iturriotz auzotik barrena. / BASTEROBERRI

Altzibar, Iturriotz eta Ugaldetxotik bide seguruak markatu dira

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Elizalde Herri Eskolara, Elizalde Institutura eta Haurtzaro Ikastolara ikasleak oinez eta bide seguruetatik heltzeko Oinbusak martxan daude. Udalak, Mendi-Ingurumen sailaren eta udaltzaingoaren bidez eta ikastetxeekin elkarlanean, bide seguruak markatu eta sustatzeko lanketa egin du.

«Altzibar, Iturriotz eta Ugaldetxo auzoetatik bide seguruak markatu dira ikastetxeetara. Ibilbide horietan, elkartze-puntuetan seinaleak ere jarri ditugu. Bide seguruak markatzeko, Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde Institutuko DBHko ikasleen laguntza izan dugu», adierazi du Eneritz Arbelaitz alkate ordeak.

Helburu desberdinak

Oinbusaren helburua ikasleak hezkuntza zentroetara oinez joateko ohitura sustatzea da. «Mugikortasun ohitura iraunkorrak eta osasuntsuak bultzatu nahi dira, azken urteetan ikastetxeetara autoz joateko joera nagusitu baita. Honez gain, Oinbusarekin bestelako helburuak ere indartzen dira: haurren autonomia eta bizilagunen arteko harremanak sustatzea, esaterako», gaineratu du.

HH eta LHko ikasleen Oinbusak guraso boluntarioekin jarri dira martxan. Era berean, adin-tarte horretako ikasle helduenak ttikiagoen ardura hartzea ere bultzatu nahi da, «haurren autonomia bultzatzeko».

DBHko ikasleak, berriz, autonomoak direnez ikastetxera oinez euren kabuz joatea bultzatu nahi du Udalak. «Oinbusaren ideia eta bide seguruak azaltzeko, Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde Institutuko ikasle ordezkariekin lanketa zuzena egin dugu», nabarmendu du Arbelaitzek.

2008/2009 ikasturtean Oinbus programa martxan egon zen Oiartzunen, guraso boluntarioen laguntzarekin. «Helburua ikasturte bukaera honetan berriz martxan jartzea izan da, ikasle eta guraso oiartzuarren ohiturak etorkizunari begira aldatzen hasteko». Datorren ikasturtean, ikasturte hasieratik funtzionatuko du Oinbusak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos