'Oihartzun guk' izena jarri diote gazte asanbladari

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Oiartzungo Gazte Asanblada herriko zenbait gaztek zituzten beharrei erantzunez sortu zen gazte taldetxo bat da. Gazte talde hau Xanistebanetako gazte egunaren harira hasi zen biltzen. Baina, urtean zehar gazteak aktibatzeko beharra sentitu zuten; herriko gazteen arteko komunikazioa eta elkarrekin biltzea.

Ildo horretatik, gazte talde hau biltzen hasi zen eta urtean zehar egin zitezkeen ekitaldiak presta-tzen hasi ziren. Lehendabizi Garagardo festan lehen aldiz ginkana antolatu zuten gauean. Gero zinema emanaldi bat egin zuten; 'Amama' filma jarri zuten Manuel Lekuona bibliotekan. Ekitaldiak egin ahala taldea indartzen joan da; eta Oiartzungo Gazte asanblada baino izen bereziago eta «autok-tonoago» bat nahi zuten. Aukera bat baino gehiago pentsatu zituzten, baina azkenean 'Oihartzun guk' izenarekin gelditu da.

Hilaren 30ean, datorren astelehenean, 19:00etan gaztetxean elkartuko dira Udalarekin elkarlanean gazteen beharrak zeintzuk diren jakiteko eta zein baliabide dauden horiei aurre egiteko jakiteko. Hiru zatitan banatu dute Udalarekin egingo den bilera. Lehen zatian, Udalaren aurrekontuen azalpen ttiki bat egingo zaie gazteei; udalaren errealitate ekonomikoaz jabe daitezen. Bigarren zatian, gazteen beharrak identifikatzea izango da asmoa, eta horiekin herrian egin daitezkeen gauzak zerrendatzen saiatuko dira. Hirugarren eta azkenik, ondorioak aterako dituzte zizka-mizken tartean.

Aurtengoan neguko futbito txapelketa antolatu dute 'Oihartzun guk'. Abenduaren 6an izango da Elorsoro kiroldegian, 16 ordu jarraian. Izena emateko taldeak gehienez ere 10 pertsonakoak izan behar dute. Taldeko 30 euro ordaindu beharko dute. Izena Potten edota Amaxkarren eman dezakete taldeek. Izen ematearen epea abenduaren 4ean bukatzen da; hau barne. Lau sari izango dira: 1. saria Kopa eta afaria. 2. saria: kopa eta sagardo kaxa bat. 3. saria: kopa. Horrez gain lehen emakumezko talderik onena ere sarituko da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos