Oiartzungo Zarata Mapa onartu du Oiartzungo Udalak

GOIZARIN OIARTZUN.

Oiartzungo udalbatzarrak herriko Zarata Mapa onartu berri du, aho batez. «Legeak exijitzen duen bezala diagnostikoa egin da, herriko zarataren iturriak neurtuta, kalitate akustikoa hobetzeko», adierazi zuen Jexux Leonet alkateak ekaineko udalbatzarrean.

Bestalde, Haurtzaro Ikastolako Haur Hezkuntzako etapa berritzeko egingo diren lanak udal onura publikoko izendatu zituen udalbatzarrak. Hori dela eta, hobaria aplikatuko zaie tasetan.

Bi kreditu aldaketa ere onartu ziren, besteak beste, Madalensoro berritu eta Lintzirin eremuko hirugarren faseari ekin ahal izateko. Jexux Leonet alkateak azaldu zuenez, «diru-erreserba osoak egin behar izan ditugu udal aurrekontuetan, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak bi proiektuetarako diru-laguntza emango du».

Protokolo gastuak

Udalbatzarrean azaldu zutenez, ekaineko protokolo gastua 181,72 euro izan da bidaia, garaikur eta luntxetan. Maiatzean, berriz, 89 euro gastatu ziren harpide- tzatan.

Galdera-eskarien atalean, EAJ-ren izenean Rafael Bergaretxe zinegotziak «babes eskaera» egin zion Gobernu Taldeari: «Batzokiko hormak markatu dituzte berriz, presoen egoeraren erru guztia EAJrena balitz bezala». Margoketak «garbitzeko» eskatu zion Udalari, «aurreko aldietan eskatu izan dugunean egin izan den bezala».

Leonet alkateak «eskaera jasota» geratzen zela adierazi zion. «Presoen auziak erreakzio asko pizten ditu. Herritarrek haserrea adierazteko modu asko dituzte. Herrian normalizazioan urratsak ematen ari garela uste dut eta hori baloratu behar genuke».

Fotos

Vídeos