Oiartzungo udal aktak, Gobernuaren mamiaz gain, garaiko gizartera hurbiltzeko tresna

GOIZARINOIARTZUN.

Udalak bertako artxiboan gordetzen den funtsen edukia hedatzeari ekin zion 2013. urtetik aurrera. Horretarako, udal mailan sortutako dokumenturik esanguratsuenekin hasi zen, udal-akta liburuekin hain zuzen ere. «Ez da ekimen berritzailea; hainbat eta hainbat herri dira funts horien inguruan proiektu ezberdinak egin dituztenak, beti ere gure iraganaren zati garrantzitsu eta uste baino ezezagunagoak herritarrengana hurbiltze aldera», adierazi dute udal ordezkariek. Dokumentazio horri ekiteko irizpide ezberdinak eman dira, bai kronologikoki, bai proiektuaren beraren mamitik. «Lana egiteko hautatutako materialak ez du beti hurrenkera duen denbora-irizpiderik izan eta, era berean, batzuetan digitalizazioa burutu da, beste batzuetan hustuketa eta hainbatetan, bi lanak uztartu dira: Pasaian edo Errenterian esaterako», gaineratu dute.

Udalak aurretik digitalizazioari leku egin zion; aipatutako urtetik, ordea, hustuketari bideak ireki dizkio, hau da, akta liburuetan gordetzen den informazioaren ildo nagusiak euskarri informatiko batean islatzeari, bertako gaien inguruko laburpenak datu base batean ipiniz.

33 liburuko dokumentazioa

Lana egiteko ardatz kronologikoa aintzat hartu dute, liburu zaharrenetik hasi eta hurrenkera kronologikoa jarraituz. Izan ere, materialik zaharrenak normalean irakurketa aldetik zailtasun handiagoak aurkezten ditu. Modu honetan, 2013-2016 epean 1658tik hasi eta 1707 urtera arteko dokumentazioa hustu dute: 33 liburu, ia 7.000 orri eta 4.700 fitxa pasatxo.

«Egiari zor, ez dira oso akta zaharrak. Hau hala izateko arrazoiak anitzak izan daitezke: bilerak idatziz islatzeko ohitura falta, behar eza, gerrate, sute, uholde edo bestelako gertakariek eragindako kalteen ondorioz gertatutako dokumentazio galera... Edonola ere, horrek ez du esan nahi dokumentazioaren muina antzua dutenik, ezta gutxiago ere», argitu du Ereiten Kultura Zerbitzuak enpresako Iago Irixoa historialari eta hustuketaren arduradunak.

Hilero berri txikiak

Nolanahi ere, oraingoan beste ekimen bat abian jarri da; egindako lana ikusgarriago egiteko asmoz eta ildo honetatik, jendeak bere herriak gordetzen duen dokumentazioak ematen dituen aukerak helarazteko helburuaz. Horretarako, «hilero berri txikien bitartez aktetan topatutako datuei lekua egiten saiatuko gara: batzuk ezagunak, ohikoak izango dira; beste zenbait, aldiz, ilunagoak; hainbat eta hainbat, ustekabekoak. Guztiek, baina, herriaren izena eta izana, iragana eta oraina ulertzen laguntzen dute», gaineratu du Irixoak. Helburua, funtsean, jendeak «paper zahar eta zatar» moduan hartu ditzakeen dokumentuak gaur egungo gizartean balioan jartzea da. «Horrela, XVII. mendearen erdialdetik XVIII. mende hasiera arteko gertakari edo erabakien berri emango dugu».

Aktetan hamaika gai jorratzen dira. Horietan udalbatzaren ikuspegia gailentzen da, eta bereziki bere interesak agerian geratzen dira: garia, haragia, ardoa, sagardoa edo olioa bezalako oinarrizko produktuen hornidura; txistularia, organojolea, erloju zaina, medikua, botikaria edo maisua bezalako funtsezko hainbat zerbitzuen bermea, udal-ondasunen errentamendua, gastu eta beharrei aurre egiteko dirua lortzeko bideak, bideen mantenua, basoenganako ardura...

Baina horrez gain, oiartzuarren kezka, eskaera eta arazoei buruzko berriak ere biltzen dira. Izan ere, «udal-batzarreen ohiko erregistroez gain, sortetan bestelako dokumentazioa agertzen zaigu: erakunde zein pertsona ezberdinek udalbatzari zuzendutako idatzi, eskaera, gutun eta abar, hain zuzen ere», zehaztu du.

Fotos

Vídeos