Oiartzungo ondarea biltzeko proposamena aurkeztu du Udalak

Oiartzungo ondarea biltzeko proposamena egin zuen herenegun Udalak. / BASTEROBERRI
Oiartzungo ondarea biltzeko proposamena egin zuen herenegun Udalak. / BASTEROBERRI

Ondarea herritarren esku jartzea da helburu nagusia

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Oiartzungo kultura eta historiaren ondarea bilduko duen Herri Artxiboaren proiektua aurkeztu zuen herenegun Udalak, ondare kultural zein historikoaren inguruan aritutako herritarren aurrean.

Proiektuaren abiapuntua «herritarrengandik jaso» duela Udalak azaldu zuen Jon del Olmo zinegotziak. «Proiektuka aritu beharrean, denari aterki bakarra eman nahi izan diogu», gehitu zuen.

Udalak eta Suberri Matelo, Leire Mitxelena eta Eneko Salaberriak osatu dute lantaldeak Oiartzungo Herri Artxiboa osatzeko proposamen zehatza egin zuten herenegun. Helburua Oiartzuni buruzko ondarea bildu eta herritarren esku jartzea da. Ondarea oso gai zabala denez, abiapuntu gisa liburu, dokumentu eta ikus-entzunezkoak biltzea proposatu zen.

«Dagoeneko badaude lan batzuk bilduta, baina sakabanatuak daude. Horiek biltzea ezinbestekoa da. Horretarako, elkarlana nahitaezkoa izango da», adierazi zuen del Olmok. Adibide gisa jarri zituen Euskaltzaindiak duen Eugenio Arozenaren antzerki-fondoa, Ttur-Tturreko Oiartzuarren Baitan, Manuel Lekuona bibliotekako artxiboa, Iñaki Arbelaitzen artxibo pertsonala...

Ondarearen Mahaia

Lana hiru pausotan egitea proposatu zen: lehenengo, dagoenaren inbentarioa egin eta zein funtsetan dauden identifikatu; gero, bilketa lana egin eta azkenik, modalitate egokian argitaratu. 2018 urterako proposatutako lana inbentario-lanak egitea izango litzateke.

Horretarako, batzorde iraunkor bat sortzea proposatu zen: Ondarearen Mahaia. Era berean, Udalak zenbait baliabide eskaintzeko konpromisoa azaldu zuen: espazio fisiko eta digitala, eta baliabide ekonomikoak (6.000-12.000 euro artean). Pertsona aditu bat kontratatzea ere proposatu zen, jakintza teknikoa duena gisa honetako lana koordinatzeko. Oraingoz, Udalaren webgunean, sailak ataleko Kultura arloan Herri Artxiboaren Proiektuan daude egindako proposamena.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos