Oiartzungo mahai jokoa laster esku artean

Oiartzuarren Baitan egitasmotik sortu zen ideia

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Oiartzuarren Baitan egitasmoaren hasierako helburua Oiartzungo ahozko ondarea, hizkera, biltzea zen. Baina, badira urte batzuk ahozko ondarean jasotako informazio hori guztiori herrira zabaltzeko galde-erantzun bidezko mahai-joko baten ideia sortu zela. Ideia hau gauzatzeko, ordea, Udalaren finantzazioa beharrezkoa zen. 2016. urtean Udalaren baiezkoa jasotakoan Oiartzuarren Baitan egitasmoko langileak buru belarri hasi ziren galde-erantzunak prestatzen.

Egitasmoko langileek galde-erantzunen prozesuan herritarri ireki zizkioten ateak, jokoa herrikoa, herritarrena eta herritarrentzat izatea nahi zutelako. Ordurako sortutako galde-erantzunak begiratu eta galdera gehiago sortzen aritu zen kontraste talde bat bildu zuten 2016ko urria aldera. Horrez gain, jokoaren marrazkilaria eta diseinatzailea ere oiartzuarrak izan dira: Iosu Mitxelena eta Eneko Salaberria, hurrenez hurren.

'Oiartzun, paeta zarrak eantzun!' Esaera zaharrari jarraiki sortu zen mahai jokoaren izena: '...paeta zarrak eantzun!' jokoak trivial itxura izango du. Oiartzuni eta oiartzuarroi buruzko 1.500 galderaz osatua. Sei gaitan banatuta dago, gai bakoitzeko 250 galdera. Kultura, kirola eta gizartea, hizkera, historia, ekonomia eta baserria/natura, geografia. Kulturako galderen artean aurki ditzakegu bertsolaritza, antzerkia, musika, literatura... Kirola eta gizartean, berriz, txirrindularitza, pilota, futbola, herriko pertsonaiak, osasuna, herrigintza, etab. Hizkeran herriko hitz eta esamoldeak egongo dira. Historian erromatarren garaitik hasi eta gaurdainokok galderak. Ekonomian herriko lanbideei buruz galdetuko zaigu, eta noski, urteetan herriko ekonomia-jarduera nagusia baserria izan denez baserri munduaz ere izango dira galderak. Azkenik, geografian Oiartzungo mendi, etxe, erreka, baserri eta abarren izenak ikasteko aukera izango dugu. Hiru motatako galderak izango dira: erantzun laburrekoak, hiru aukerakoak edo egia/gezurra motakoak.

Gabonetako opari egokia

Jokoa egiterakoan sortu den buruhausterik handiena Oiartzungo jokoa izanik euskara batuan edota oiartzueraz idatzi behar ote zen izan zen. Azkenik, jokoa euskara batuan idatzita dago, baina hizkerako atalean hitzak eta esamoldeak esaten eta ahoskatzen ditugun bezala agertzen direnean kurtsibaz markatuak agertzen dira.

Jokoa 2017ko ekainerako bukatutzat eman zuten langileek, momentu honetan inprimategian dago. Urriaren bukaera alderako jokoaren aurkezpena egitea aurreikusten dute Oiartzuarren Baitaneko langileek. Aurtengo Gabonetan opari egokia izan daiteke oiartzuar guztiontzat '...paeta zarrak eantzun!'.

Fotos

Vídeos