Oiartzungo Flauta taldea eta Haurtzaro Dantza taldea elkarlanean

Dantza saio baikaina eskaini zuten oiartzuarrek./
Dantza saio baikaina eskaini zuten oiartzuarrek.

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Oiartzungo Flauta taldeak eta Haurtzaro Dantza taldeak emanaldi paregabea eskaini zuten Doneztebe plazan. Oiartzungo Flauta Taldearen 26 urteurrenaren karietara burutu zuten ikuskizuna.

«Iñaki Gurrutxaga Oiartzungo Flauta taldearen zuzendariak egin zigun proposamena», aitortu dute Haurtzaro Dantza taldeko kideek. «Ospakizun ekitaldia euskal musikarekin gauzatzeko aukera aurkeztu zigun. Ideia hartatik tiraka elkarlanean aritu gara eta urtebeteko lanaren ondorioa izan da igandekoa», gaineratu dute. Halaxe gauzatu zuten. Dantzari, musikari eta jostunen lan mardulari esker, bi taldeek ekitaldi dotorea eskaintzea lortu zuten Oiartzungo Doneztebe plazan.

Emanaldi osoa euskal musikarekin egin zuten eta, abestiak tartekatuz, 12 eta 16 urte arteko dantzariek Ikastolen Ereserkia, Zortziko berezi bat, Zinta Dantza, Arin arina eta Fandangoa dantzatu zituzten. «Emanaldi bikainari amaiera emateko, hasitako pieza berarekin, Ikastolen Ereserkiarekin hain zuzen ere, borobildu dugu ekitaldia».

Haurtzaro Ikastolako guraso komisioak eta jostunen taldeak elkarrekin jositako gona txuri-gorriak estreinatu zituzten igandean dantzariek. «Flauta doinu lirain eta euskal dantza finez herriko plazari ukitu dotore eta alaia eman zioten igande eguerdian», diote harro. «Zoriondu nahi ditugu horren dotore dantzatu zuten dantzari guztiak. Eskertu, aldi berean, hain denbora juxtuan hogei eta bost gona josi dituen jostun talde paregabeari. Eta eskarrak, nola ez, Oiartzungo Flauta Taldeari eta Iñaki Gurrutxagari, halako ideia izan eta aurrera eramateko Haurtzaro Dantza Taldean pentsatzeagatik», aitortu dute Haurtzaro Dantza taldeko arduradunek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos