Oiartzungo emakumezkoen 2. mailako taldeak hasiera eman dio ligari Osasunaren aurka

OKEko Bigarren Mailako neskak partida hasi aurretik./BASTEROBERRI
OKEko Bigarren Mailako neskak partida hasi aurretik. / BASTEROBERRI

1-1 berdindu zuten Karla Lekuona zelaian

BASTEROBERRIOIARTZUN.

Igande eguerdian OKEko emakumezkoen taldeak Osasuna hartu zuen etxean Bigarren Mailari ekiteko. Liga hasierako partida izanik erritmo gutxiko partida izan zen. Bi taldeak gogor lehiatu zuten markagailuan gailentzeko, baina azkenean berdinketarekin bukatu zuten.

Osasunak talde gaztea baina kalitate handikoa erakutsi zuen Karla Lekuona futbol zelaian. Partidaren lehen zatian etxekoek aukerak izan zituzten markagailuan aurreratzeko, baina ez zuten baloia sareratzerik lortu. Atsedenera bi taldeak hutseko emaitzarekin joan ziren.

Badirudi, bigarren zatira indartsu zelairatu zirela Osasunako emakumeak, bigarren zatia hasi eta laster sartu baitzuten gola. Bigarren zatia aurrera joan ahala etxekoak esperantza galtzen hasiak ziren. Baina esaerak dioen moduan, esperantza omen da bizian galdu behar den azken gauza. Horrela bada, Estiren ordez 75. minutuan Marina sartu zen. Eta berari eragindako falta baten harira berdinketa lortu zuen Marinak. Azkenik, puntu eta gol banarekin bukatu zuten bi taldeek. Liga hasi besterik ez bada egin ere 8. postuan kokatu dira.

Oiartzungo Bigarren Mailako emakumezkoen hurrengo partida kanpoan izango da Zarautz KEren aurka, Zarautzen ostiralean 19:00etan. Zarauzko emakumeen taldeak 2016-2017 denboraldian Euskal Liga irabazi ondoren, aurten, 2017-2018 denboraldian Bigarren Mailan arituko da.

Fotos

Vídeos