Oiartzungo Emakumeen Taldeak helduentzako tailerrak antolatu ditu ikasturte berrirako

Gaztetxoek interesa handiz ikusi zuten.
Gaztetxoek interesa handiz ikusi zuten. / ARGAZKIAK GOIZARIN

Irailaren 11 bitarte eman daiteke izena, Karaez kaleko lokalean

GOIZARIN OIARTZUN

. HELTAK, Oiartzungo Emakumeen taldeak, dagoeneko prest du helduentzako tailerren eskaintza ikasturte berriari begira, 2017/2018 hain zuzen. Oiartzungo Udalaren laguntzarekin, eskaintza zabala prestatu du, beste behin ere.

Urritik maiatzera bitarteko hemezortzi ikastaro antolatu ditu; hauexek dira: Ariketa mentala; Bertsolaritza; Ehoziria (bolillos); Egur-taila; Zaharberritzea; Euskal dantza; Gimnasia (Altzibarren, Iturriotzen eta kiroldegian); Gitarra; Informatika (hastapena eta KZgunea); Joste-lanak (kakorratz, vainica...); Luzaketak; Margolaritza; Masajea (oinarrizko masaje aurreratua, oinetako erreflexologia, zentzunen masajea); Oihalkilan-Patchwork; Pilates (Altzibarren eta Iturriotzen); Latinoamerikako dantzak; Yoga eta Tai-chi/Chi-kung.

Eta hiru hilabeteko ikastaroak, berriz, Esku lanak goma evakin (fofuchak); Argazkilaritzaren oinarrizko ezagutza; Mindfulness tailerra eta Zen meditazioa (dohainik).

Urritik maiatzera hemezortzi ikastaro antolatu dira

Izena emateko interesa dutenek ordainagiria eta nortasun agiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute Karaez kaleko 2 zenbakian dagoen lokalean. Izena emateko epea irailaren 4an zabalduko da, eta 11a bitarte luzatuko da, goizez, 10:30etik 12:30era (larunbatetan izan ezik), eta arratsaldez 17:00etatik 19:00etara.

Ikastaroen prezioa 55 euro da oiartzuarrentzat (75 euro Oiartzunen bizi ez direnentzat); hiru hilabeteko ikastaroen prezioa, berriz, 30 euro (40 euro Oiartzunen bizi ez direnentzat).

Informazio gehiago nahi dutenek telefono honetara dei dezakete: 618 091 176. E-mailez ere antolatzaileekin konekta daiteke helduenta@hotmail.com helbide elektronikoan.

Taldea osatzeko 10 lagun behar direla adierazi dute antolatzaileek.

Lanen erakusketa

Helduen tailerrek aurten hemeretzigarren urtea bete dute, baita xanistebanetan antolatzen duten erakusketak ere. Izan ere, urtean zehar egindako lanen erakusketa ikusteko parada izaten da bertan. Gainera, aurten ere bertatik bertara eskulanak egiten ikusi genituen tailerretako hainbat lagun.

Saio xarmanta horrekin batera hurrengo ikasturteko jarduerak aurkezteari ekiten diote. Urte hauetan guztietan egindako bilakaera izugarria izan da.

Izan ere, 80 lagunekin eman zioten hasiera, eta gaur egun mila partaide izatera iritsi baitira.

Fotos

Vídeos