Oiartzunen alokairu soziala ASAP zerbitzuaren bidez

Etxebizitzen jabeei nahiz maizterrei Udalak laguntzak eta onurak eskaintzen dizkie

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Etxebizitza duin batean bizi ahal izatea, legeak aitorturiko eskubide bat da, hezkuntza, diru-sarrerak bermatzeko errenta edo mendekotasunaren arreta bezalaxe. Horiek horrela, Oiartzungo Udalak alokairu sozialeko programa eskaintzen du, epe motz eta ertainean etxebizitza beharrei erantzuteko irtenbide gisa. Alokairu hauek ez dira hilean 550 euro baino gehiago izango, eta bete beharreko baldintzak honako hauek dira: Etxebiden izena emana egon behar da alokairu erregimenean, bizitza-unitatearen (etxean bizi diren pertsonak) diru-sarreren %30 baino gehiago ez da bideratuko alokairura eta, bizi unitateak 12.000 eta 39.000 euro arteko diru-sarrerak izan behar ditu.

Era berean, programa honek etxejabeei hainbat onura eskaintzen dizkie; Oiartzungo Udalari dagokionez, OHZn %50eko deskontua (etxebizitza hutsik edukitzeagatik ordaindu beharko luketen %75 gehigarria beharrean), Udalak 60 euroko errenta osagarria emango dio 12 hilabetez, Efizientzia Energetikoaren Ziurtagiria lortzeko laguntza (100 euro arte), obren lizentzian %95eko hobaria eta berritzeko proiektuaren finantzaketa (3.000 euro arte), gutxienez programan 3 urtez egoteko konpromisoaren truke (bost urteko konpromisoa Udalaren berritzeko laguntzak jaso dituztenen kasuan). Bestetik, Eusko Jaurlaritzak ASAP edo Bizigune programetarako aseguru hirukoitza eskaintzen die etxejabeei: ordainketa ezak, hondamenak eta asistentzia juridikorako aseguruen polizak.

Abantaila guztiak ezagutu eta jarraitu beharreko pausoak zein diren jakiteko, hitzordua eskatu daiteke Oiartzungo Etxebizitza Bulegoan: 943 494 129 telefonoan (astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara) edo etxebizitza@oiartzun.org e-mailaren bidez. Oiartzungo Etxebizitza Bulegoa Oarsoaldea Garapen Agentziak Mamuten dituen bulegoetan dago (Astigarraga bidea, Mamuteko bulego eraikina 2, 2. solairua 20180 Oiartzun).

Oiartzungo Udalaren datuen arabera, 179 etxebizitza huts daude Oiartzunen. Horien jabeei gutuna bidali zaie Etxebizitza Bulegoaren, ASAP programaren eta abantailen berri emateko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos