Oiartzun herriak Baserritar Eguna ospatuko du gaur

Oiartzuarrek Xanisteban jaietako egun handia ospatu zuten atzo hainbat ekitaldiekin, besteak beste, zezen txikiekin Beheko plazan.
Oiartzuarrek Xanisteban jaietako egun handia ospatu zuten atzo hainbat ekitaldiekin, besteak beste, zezen txikiekin Beheko plazan. / ARGAZKIAK ARIZMENDI

Atzo egun handia izan zen, besteen artean, pasakako finala Kontzejupean eta sokatira txapelketa Madalensoron izan ziren

GOIZARIN OIARTZUN.

Oiartzungo Xanistebanak aurrera doaz eta atzokoan, abuztuak 3, oiartzuarrek beren egun handia ospatu zuten. Eguraldi bikaina lagun, herritar ugari bildu zen Herri Meza Nagusian, Doneztebe parrokian. Zaindariaren eguneko meza Jokin Mitxelena apaiz oiar-tzuarrak zuzendu zuen. Lartaungo abesbatzak Perosiren 'Missa secunda pontificalis' kantatu zuen, baita San Estebanen eta Mendibururen ereserkiak ere.

Goizean zehar, meza nagusiaz gain, Lartaun txistulari taldearen 42. Herri Kontzertua izan zen Kon-tzejupean. Jendez gainezka zegoen eta bertan parte hartu zuten, besteak beste, Oiartzun, Donostia, Bidasoa eta Buruntzaldeko txistulariek, Lartaun abesbatzak eta Haur-tzaroko dantzariek, Aitor Arozenaren zuzendaritzapean.

Atzoko jotarauak ere efemeride aipagarri asko izan zituen. Batetik, J. I. Iztueta euskal idazlearen 250. urteurrena; bestetik, Haurtzaro Ikastolaren 50. urteurrena eta, azkenik, Imanol Urbieta musikari eta idazlearen heriotza.

Gonzalez Gastidaren 'Potxolo dago negarrez' jo zuten lehendabizi. Gero, Iztuetaren 'Alkate soinua'; 'Alboradetako soinua'; 'Kontxesiri', Iñaki Zabaleta oiartzuarrak abestu zuelarik; eta 'Txakolin'.

Azken pieza horretan, Hernaniko Jon Ansorena eta Aritz Ezeiza txistulariek «oilarren arteko borroka» bikaina eskaini zuten, bakarlari moduan.

Imanol Urbieta musikari eta idazle ezaguna omentzeko haren pieza batzuk ere eskaini zituzten. 'Euskera oi euskera' izan zen lehendabizi. Txistulariak lagun, Alaitz Guridi abeslari oiartzuarrak bikain kantatu zuen. Gero, Haurtzaro dantza taldeko dantzariekin batera 'Aulki dantza' eta 'Esku dantza' abesti herrikoiak eskaini zituzten eta Iztuetaren 'Belauntxingo' ezaguna.

Amaitze aldera, T. Monzonen 'Euskera plazara' interpretatu zuten, entzuleen txaloek lagunduta. «Ikastolen lehen ereserkiarekin omendu nahi dugu Haurtzaro Ikastola», adierazi zuen Aitor Arozenak. Eta Imanol Urbietaren 'Behin betiko' piezarekin amaiera eman zioten kontzertu bikainari.

Garai bertsuan, Beheko plazan, herriko ttikiek zezen txiki eta poniekin gozatu ahal izan zuten.

Eguerdian, berriz, Pasaka eskuz III. Gipuzkoako txapelketaren finalean Iñaki Esnalek ezin izan zuen jokatu azken orduko ezbehar batengatik. Haren ordez Andoni Urbietak jokatu zuen eta J. Urbieta-A. Urbieta bikoteak 13-4 erraz irabazi zuen finala Arzelus-Chiapusso bikotearen aurka.

Arratsaldean kirolak hartu zuen protagonismo handiena. Kontuan hartu auzoen arteko sokatira, joko garbi eta bote luzeko partidak eta pilota partidak ikusteko parada izan zutela oiartzuarrek.

Eta egunari amaiera jatorra emateko, musika jaialdia talde bikainekin. Aspertzeko aukerarik gabe, inondik ere.

Aukeran eta 'Maurizia', gaur

Gaur, Oiartzunen Xanisteban bigarren eguna denez eta antzinako usadioari jarraituz, bereiziki Baserritar Eguna ospatuko da egitarau zabalaren baitan. Goizean ez dira faltako Oiartzungo produktu ekologikoen azoka, idi demaren lehenengo txanda eta Zaharren egoitzarako bisitaldia, Haurtzaro Ikastolako Dantza Taldearekin, txistulariekin eta trikitilariekin. Bestalde, Inaxio Uharte XVIII. Sagardo lehiaketa ere izango da. Nola ez, herriko sagardoa dastatu eta baloratu ahal izango dute oiartzuarrek.

Eguerdian, berriz, pintxo lehiaketa ere izango da, eta segidan Jexux Mari Irazu eta Amets Arzallus bertsolarien saioa. Jarraian, Sagardo eta Pintxo lehiaketen sari-banaketa.

Bestalde, Oiartzungo Udalak bazkari goxo bat eskainiko die gaur herriko erretiratuei, Gazte Izanak elkartearen laguntzarekin. Jarraian, musika izango dute, nahi duenak dantza egin dezan.

Arratsaldean haurrentzako kale animazioa ez da faltako, 'Lapiko jolasak: bi sukaldariren jolasak' Lur Korta artista oiartzuarraren eskutik. Bestalde, idi demaren bigarren txanda; Oiartzungo Emakume Taldeak egindako lanekin, helduen tailerren XX. erakusketa, Kontzejupean; eta dultzaineroen topaketa, Oiartzungo herrian zehar. Eta ilunabarrean, herri kirolen jaialdia; Olatz Salvadorren kontzertu akustikoa eta bertso afari feminista.

Gauean, berriz, Aukeran dantza konpainiak 'Maurizia' izenburuko ikuskizuna eskainiko du, Elorsoro kiroldegian. Bertan, euskal dantza tradizionala beste dantzekin fusionatzen ikusteko aukera izango da. Esate baterako tangoko pauso batzuk daude.

Eta amaitzeko Ezten giro taldearekin musika emanaldia eta Helduen Danborrada.

Petra Lekuona egoitzan jaiak

Petra Lekuona egoitzako egoiliarrak ere ari dira xanistebanak behar bezala ospatzen. Abuztuaren 2an, goizean meza izan zuten kapilan eta gero herrira egin zuten irteera. Arratsaldez, Bonkora bikotea eta jolasak terrazan izan zituzten.

Fotos

Vídeos