'Oiartzun 2017' Urtekariaren 47. edizioa argitaratu dute

Xixili Mitxelena Arsuaga haren alabarekin./ARGAZKIAK GOIZARIN
Xixili Mitxelena Arsuaga haren alabarekin. / ARGAZKIAK GOIZARIN

Euskara hutsean idatzita badago ere, Xose Estevez irakaslearen lana izan ezik, gailegoz, emakume kolaboratzaileen kopurua nabarmen igo da aurten

GOIZARINOIARTZUN.

Pasa den uztailaren 26an, Urtekari Udal Batzordeko kideek aurkeztu zuten 'Oiartzun 2017' Urtekariaren 47. edizioa, udal areto nagusian. Hantxe zeuden Iosune Cousillas Kultura zinegotzia, Goiatz Labandibar udal komunikazio arduraduna, Joxan Eizmendi Kultura arduraduna eta Jaione Ugaldebere.

Cousillasek adierazi zuen Urtekariaren aurtengo edizioak 72 lan bildu dituela, 282 orrialdeetan. Den-denak euskaraz idatzita daude, Kontxa Murgiari buruz Joxe Estevez irakaslearen lana izan ezik, gailegoz baitago. Guztira, 31 egilek parte hartu dute aurten, 16 emakumezko (%52) eta 15 gizonezko (%48). Elkarteei, erakundeei... dagokienez, aurten 26k parte hartu dute.

Aldaketa nabarmenena emakumezko kolaboratzaileen gorakadan dago aurten. Izan ere, 2016an hamaika gizonezkok eta hamaika emakumezkok kolaboratu zuten Urtekariaren idazketan. Eta 2014an, bost emakumezkok eta 16 gizonezkok.

Eta idazle horien artean, «baditugu luma berriak ere, hau da, lehen aldiz gerturatu direnak Urtekariaren magal goxora. Esate baterako, Maialen Galdos, Domi Azpiroz, Imanol Esnaola, Aitzuri Noble, Jenaro Gelbentzu. Badugu, baita ere, aspaldiko partez aurten parte hartu duena, Lorena Zalakain hain zuzen», gaineratu zuen Kultura zinegotziak.

Xixili Mitxelena Arsuaga

Eta lanak aipatzen hasteko, aurten elkarrizketa nagusiaren lekua Xixili Mitxelena Arsuaga Karrikako alabak bete du. Iragorriko Xixilirentzat Karrika auzoa izan da bere bizitzaren zati handienaren markoa: bertakoak zituen gurasoak; bertan jaio zen; eta bertan bizi da. Makina bat kontu adierazi ditu, guztion jakingarri.

Aurten, seme-alaben atalean, hamalau lagun elkarrizketatu dira, zortzi emakumezko eta sei gizonezko. Besteak beste, kirolarekin harreman zuzena duten Lide Leibar, Periko Sanroma, Andoni Ugalde, Juan Mari Etxabe nabarmen-tzen dira.

Historia atalean, hamasei lan jaso dira, zein baino zein interesgarriago. Esate baterako, Peluko feloagatarrak, Oiartzungo lehenengo hidalgoak; Arbide-Urdiñola-Arizmendienea etxearen jabetza bilakaera; Xixario Zalakain harategia, 1040-2017; Iturri-Berri elkartearen 50. urteurrena...

Urtekaria salgai lau eurotan

Kultura, kirola, irakaskuntza, herri eragileak, urtean zehar berri izan dira eta Oiartzun argazkietan atalekin osatu da aurtengo Urtekaria, 47. edizioa.

Interesatuek 'Oiartzun 2017' urtekaria 4 eurotan salgai topatuko dute toki hauetan: Berezi janari-denda (Altzibar); Pikoketa estankoa (Arragua); Garmendi txokolategia, Garmendia okindegia, Urrats paper-denda eta Zapirain estankoa (Elizalde); Ibarreko gasolindegia, Martin harategia eta Pottolo janari-denda (Iturriotz); eta, Intxixu taberna eta Mamuteko paper-denda (Ugaldetxo).

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos