'Oiartzun 2017' Urtekaria eta Mugarriren liburu berria salgai

Labandibar, Cousillas, Eizmendi eta Ugaldebere, Urtekari Udal Batzordeko kideak Urtekaria aurkezten. /
Labandibar, Cousillas, Eizmendi eta Ugaldebere, Urtekari Udal Batzordeko kideak Urtekaria aurkezten.

Urtekariko elkarrizketa nagusia Xixili Mitxelena Arsuaga Karrikako alabari egin zaio

GOIZARIN OIARTZUN.

'Oiartzun 2017' urtekaria eta Mugarriren zenbaki berria salgai daude dagoeneko. Urtekaria eta festetako egitaraua 4 eurotan egongo dira salgai eta Mugarri bildumako liburuki berria, 12 eurotan. 'Oiartzun 2017' urtekariak, aurrekoetan bezalaxe, azken urtean haranean burutu den dinamika guztia jaso du, Oiartzungo historiarako mesedetan. Ekintza kulturalak, kirolak, herri eragileak, irakaskuntza... jaso eta bildu egin dira. Esate baterako, aurten, elkarrizketa nagusiaren lekua Xixili Mitxelena Arsuaga Karrikako alabak bete du. Iragorriko Xixili da asko eta askorentzat. Karrika auzoa izan da bere bizitzaren zati handienaren markoa: bertakoak zituen gurasoak; bertan jaio zen; eta bertan bizi da. Makina bat kontu adierazi ditu, guztion jakingarri.

Aurten, seme-alaben atalean, hamalau lagun elkarrizketatu dira, zortzi emakumezko eta sei gizonezko. Besteak beste, kirolarekin harreman zuzena duten Lide Leibar, Periko Sanroma, Andoni Ugalde, Juan Mari Etxabe azaltzen dira.

Historia atalean, hamasei lan jaso dira, zein baino zein interesgarriagoak. Esate baterako, Peluko feloagatarrak, Oiartzungo lehenengo hidalgoak; Arbide-Urdiñola-Arizmendienea etxearen jabetza bilakaera; Xixario Zalakain harategia, 1040-2017; Iturri-Berri elkartearen 50. urteurrena... Kultura, kirola, irakaskuntza, herri eragileak, urtean zehar berri izan dira eta Oiartzun argazkietan atalekin osatu da aurtengo Urtekaria.

Mugarriren 24. zenbakia

Mugarriren 24. zenbakia da aurtengoa, Anton Mendizabalek eta Suberri Matelok ondu dutena: Artikutzako trena. Artikutzako trenaren historia bildu dute -Artikutzatik Errenteriarako bidea Oiartzundik barrena egiten zuen-, eta trenbidea izandakoa ezagutzeko zenbait mendi-ibilaldi ere proposatzen ditu liburukiak.

Gaurtik aurrera 'Oiartzun 2017' urtekaria (4 euro) eta Mugarri bildumako azken zenbakia (12 euro) salgai daude toki hauetan: Berezi janari-denda (Altzibar); Pikoketa estankoa (Arragua); Garmendi txokolategia, Garmendia okindegia, Urrats paper-denda eta Zapirain estankoa (Elizalde); Ibarreko gasolindegia, Martin harategia eta Pottolo janari-denda (Iturriotz); eta, Intxixu taberna eta Mamuteko paper-denda (Ugaldetxo). Bi agerkarien aurkezpen publiko eta ofiziala abuztuaren 1ean egingo da, xanistebanetako kultur ekitaldiaren baitan.

Urtekari Udal Batzordea

Aurten ere gogotsu lan egin du Urtekari Udal Batzordeak urtebetean herrian aipagarri izan diren oiartzuarrak, taldeak, ekimenak, urteurrenak... biltzeko. Goiatz Labandibar Udal Komunikazio arduradunak, Joxan Eizmendi Kultura teknikariak, Iosune Cousillas Kultura zinegotziak eta Jaione Ugaldeberek osatu dute, beste behin ere, Urtekari Batzordea.

1956. urtean jaio zen Oiartzun urtekaria, Santiago Aizarna, Benjamin Alvarez, Adolfo Leibar, Juan Mari Lekuona, Jose Antonio eta Miguel Irigoyen, Julio Barrutieta, Paul Urriolabeitia, Pablo Michelena, Dionisio Martiarena, Ayalde... lagunen lanei esker. Haiek jarri zuten lehen hitza, garai aski zailetan. Haien meriturik handiena komunikabide hau sortzea izan zen. «Gure lana izan da, besteak beste, haien eginahalari jarraipen ematea. Eta horretan segituko dugu herriko kolaborazioei esker», nabarmendu dute Urtekari batzordeko kideek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos