Bi oiartzuarren raketistei buruzko dokumentala estreinatuko da Arrasaten

Raketistei egindako omenaldia.
/
Raketistei egindako omenaldia.

Txost pilota elkarteko Ainhoa Palomo eta Jon Juanes aritu dira dokumentala egiten

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Ainhoa Palomo eta Jon Juanes oiartzuarrak, Txost pilota elkarteko kideak eta pilotariak dira. Badira zenbait urte, garai batean Euskal Herrian hain famatuak izan ziren raketisten historia biltzen hasi zirela. Erdi ahaztutako emakume kirolari haien memoria biltzen aritu dira Euskal Herri guztian zehar.

Raketistak, izenak berak dioen bezala, raketarekin jokatzen zuten emakumeak ziren. XX. mendean hartu zuten indarrik handiena. Madrilen zein Bartzelonan oso famatu egin ziren. Horietako asko eta asko, beren familiak Euskal Herrian utzi eta profesional mailan jokatzera joan ziren Ameriketara. Beren herrian baina askoz ere bizimodu hobea bizi izan zuten eta diru mordoa ere irabazi zuten. Askok ordea, familiaren traba jasan behar izan zuten. Jokalari ona izan arren, garai hartan ulertezina baitzen emakume bat etxetik kanpo kirolean aritzea, eta oraindik gutxiago profesionalki eta Ameriketara 'bakarrik' joatea. Baina, oztopo horien guztien gainetik raketista askok famaren lurrina usaindu zuten. Halere, 80. hamarkada aldera beherakada nabarmena jasan zuten.

Lan horren emaitzetako bat izan da asteartean Arrasaten estreinatuko den dokumentala: Raketistak lehen eta orain. Arrasateko Kulturate aretoan duela aste batetik raketisten inguruko erakusketa dago. Erakusketa hori borobiltzeko dokumentalaren estreinaldia izango da asteartean, arratsaldeko 18:00etan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos