Oiarpeko pilotariak gogor lehiatu dira asteburuan

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Pasa den asteburuan bai OKEko futbolariak eta baita Oiarpeko pilotariak ere partidatik partidara ibili dira. Batzuk hankarekin baloia ostikoka eta besteak eskuarekin pilota joz.

Ostirala, hilak 12, hasi zituzten eskuzko partidak pilotariek. Oiarpeko bigarren urteko alebinek Gipuzkoako txapelketan binaka aritu ziren, 18:30ean Alegian jokatu zuten Intxaurrekoen kontra. 12-16 irabazi zuten oiartzuarrek. Gipuzkoako txapelketaren baitan, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan 19:15ean izan ziren infantil mailako partidak. Infantilen bigarren mailan, bi partida izan ziren. Lehena, Oiarpek 18 eta Hondarribiak 3. Bigarrena, berriz, ez zen irabazterik izan, Oiarpek 5 eta Intxurre taldekoek 18. Infantilen lehen mailan, ordea, oiartzuarrek Intxurre taldekoak garaitu zituzten, baina Zumaiaren aurka 16ean geratu ziren. Ostiralean bertan, Gipuzkoako Udaberriko txapelketan aritu ziren oiartzuarrak. Usurbilgo Pagazpe taldearen kontra 7 geratu ziren oiartzuarrak. Aldiz, Arrasaten jokatu zen partidan oiartzuarrak izan ziren garaile, arrasatearrik ez baitzen partidara aurkeztu.

Larunbatean, trinketen eta Euskal Herriko kluben arteko txapelketa izan zituzten. Trinketean Iruran aritu ziren, Zalakain Oiarpeko jokalaria EPLEko Cameraren aurka aritu zen, 30-14 irabazi zuen oiartzuarrak. Arratsaldeak aurrera egin ahala, Azpeitian, Añorgan, Lakuan eta Hernanin jokatu ziren kluben arteko partidak. Oiarpeko jokalariak izan ziren denetan garaile.

Igandean, hilak 14, Mungiako eta Malerrekako txapelketak izan ziren. Malerrekako txapelketa Eratsunen, Sunbillan eta Donezteben jokatu ziren. Eratsungo partidara Erreka taldetik ez zen inor azaldu, beraz, Aranburu eta Zabaleta Oiarpeko infantilei eman zitzaien partida irabazitzat. Sunbillan kadeteak jokatu zuten, Elgarreta eta Aranburu izan ziren Errekako taldearen aurka garaileak, 18-2. Azkenik, Donezteben Lopez eta Salaberria bikote oiartzuarra, jubenilak, garaile izan ziren 18-13 Erreka taldearen kontra. Mungiako txapelketan, berriz, nagusien mailan Oiarpeko Etxeberria Lakuak Uribe bikote zuela 22-11 suertatu zen garaile.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos