Motibazio saioak izan dituzte aste honetan Elizalde ikastetxean

Elizalde ikastetxeko ikasleek aste honetan izango dituzte antolatutako motibazio saioak.
/BASTEROBERRI
Elizalde ikastetxeko ikasleek aste honetan izango dituzte antolatutako motibazio saioak. / BASTEROBERRI

DBH3 eta 4ko ikasleek jaso dituzte saioak euskararen inguruan

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Udalak eta Ttur-tturrek badira urte batzuk 14-16 urte bitarteko gazteentzat euskararen inguruko motibazio saioak egiten dituztela herriko bi ikastetxeetan. Oraingoan Haurtzaro Ikastolaren txanda da. Elizalden, berriz, urtarrileko lehen astean izango dira.

Euskarari buruzko motibazio saioak ematea beharrezkoa ikusi zen orain urte batzuk. Euskararen ezagutza igo ahala, herriko bi ikastetxeetan euskaraz ikasten baita, kaleko erabilerak beherakada izan baitu. Horrez gain, euskara ikastetxeetan ikasteak, beste zenbait eragilerekin batera, herriko euskara aldatzea dakar.

Bi ardatz horiek dituzte motibazio saioek. Gazteak euskararen egoeraz jabetzea, besteak beste, munduko beste hizkuntzekin alderatuz. Baina, bestetik, euskarak gure herrian, Euskal Herrian zein Oiartzunen, duen presentziaz eta garrantziaz ohartzea.

Aurtengoan, Ttur-tturreko Ugaitz Susperregi eta Aintzane Toledo dira suspertzaileak. Aste honetan, astelehenetik ostegunera, Elizalde ikastetxeko ikasleekin izan dira. Haurtzaro ikastolan, berriz, abenduan izan ziren. Bi ikastetxeetan DBH 3. mailan hiru gela izan dituzte eta DBH 4. mailan bina. Lehenik eta behin, munduko hizkuntzei buruz hausnartzen saiatzen dira ikasleekin eta hauek munduko hizkuntzen artean euskara non kokatzen duten jakin. Datuak esku artean harturik euskararen jakintza eta erabilerari buruzko datuak ematen dizkiegu. Betiere, ahalik eta modu ludikoenean egiten saiatu dira. Aldi berean, gazteak herriko euskalgintzara hurbiltzen ere saiatzen dira. Eta aurtengoan, gainera, Oiartzungo tribiala 'paeta zarrak erantzun!' baliatu dute herriko gauzak lantzeko eta jolasteko.

Oro har, jarrera ona erakusten dute gazteek, hausnartzera eta pentsatzera bideratzen dituzte. Betiere, jolasekin lagunduz eta ahalik eta modu ludikoenean saiatzen dira. «Ez duguna nahi da gazteek gu irakasle moduan ikustea, euskara irakasgai hutsal bat bezala ikustea. Euskararekin zenbat gauza egiten diren eta egin daitezkeen ikustea baizik» diote bi suspertzaileek.

Gazteen aldetik arrunt erantzun ona jaso dute. Gogotsu hartu dute parte. Eta hausnarketa eta eztabaidatzeko prest agertu dira. Askori euskararen egoerarekiko begiak zabaldu zaizkio. Aurrera begira, gazte bakoitzak bere modura euskararekiko konpromisoak hartu ditu. Hurrengo urteko motibazio saioen zain geratu dira ikasle bat baino gehiago; motz gelditu zaiela adierazi baitute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos