Marea arroxak agurtu ditu xanistebanak

Lan bikaina egin zuten paella erraldoia prestatzen sukaldariek.

Eguerdian 650 lagun elkartu dira bazkaltzera, Doneztebe plazan Haurren Egunaren baitan, hirurogei bat gaztetxoren danbor hotsak zabaldu ziren kale nagusietan

GOIZARINOIARTZUN.

Oiartzuarrek topera bizitu dituzte aurtengo herriko festa nagusiak eta horiek iraun duten bost egunetan hamaika ekitaldi izan dira Oiartzungo kaleetan, eta atzo ere halaxe gertatu zen.

Atzo, Haurren Eguna, Kontzejupean zegoen hitzordua goizean goiz. Esku pilotako finalak jokatu ziren, ikusmin handia sortuz. Gero, 63 gaztetxoren danbor hotsak zabaldu ziren herriko kale nagusietan barrena. Hogeita bederatzigarren edizioa zen atzokoa, bada zerbait. Urtez urte Ergoiengo Festa Batzordeko kideek gogotik lan egiten dute dena dotore atera dadin eta ederki asmatzen dute, bai horixe.

Eguerdian, berriz, marea arroxak jantzi zuen festako gunerik garran-tzitsuena, Doneztebe plaza. Hantxe 650 lagun, bada zerbait ere, bildu ziren bapo bazkaltzera. Ederki gozatu zuten denek urtean behin egiten den festa handi horretan. Paella eta arkumea jan ondoren, txarangarekin ederki ibili ziren dan-tzan, herriko kaleetatik barrena, umore ona bazter guztietan zabalduz. Ardi Latxa elkarteak ederki asmatu du beste behin ere, antolaketa bikainarekin. Parte hartzaileen merezitako txalo zaparrada jaso zuten ekitaldiaren amaieran.

Arratsaldean umeek izan zuten hain gustuko duten parkeaz goza-tzeko parada. Lau orduz gustura aski ibili ziren hain gogoko dituzten tramankulu horietan.

Gauean, zezensuzkoak argitu zuen plazako iluntasuna. Azkenik, Modestorekin aurtengo xanistebanei agur esateko tenorea iritsi zen.

Xanistebanetako azken egunean herritar ugari animatu zen etxetik atera eta festetan parte hartzera. Arratsaldetik, kale guztiak jendez gainezka ikusten ziren, festa giroan. Gauean ere oiartzuarrek ez zuten huts egin eta afaldu ondoren asko eta asko animatu ziren Modestorekin dantzan aritzera. Txosnen gunean, ziurrenik, goizaldera arte zabalduko zen jaia.

Asteazkenean hasi eta igandera bitarte haur, gaztetxo, gazte eta helduek ederki gozatu dute xanistebanetan. Izan ere, herriko Festa Batzordeak bete-betean asmatu du beste behin ere hain egitarau oparoa prestatuz. Orain herria, pixkanaka, bere onera etortzen hasiko da: kaleak garbitu, eszenatokiak jaso...

Balorazioa egiteko unea ere iritsiko da.

Fotos

Vídeos