Manuel Lekuona etorbidea berritzeko lanak hasiko dira

GOIZARIN OIARTZUN.

Xanistebanak bukatuta, Manuel Lekuona etorbidea eta Beheko Plazako pilotalekua konpontzeko lanak hasiko direla adierazi dute udal ordezkariek.

Etorbideak sortzen dituen eragozpenek eraman dute Udala berritzeko erabakia hartzera: galtzada-harriak altxatu egiten dira, oinezkoei eta ibilgailuei arriskua ekarriz. Udalak mantenu lanetan gastu handia egin behar izaten du, baina emaitzak ez dira ona izaten. Beraz, «kale guztia (Irubidetik Makutxo bitartean) berrituko da. Oinezkoentzako bidea sortuko da beste mota bateko galtzada-harri batekin eta ibilgailuentzako bidea asfaltatuko da», adierazi dute udaletik. Lan hauekin batera, Beheko Plazako pilotalekua ere berrituko da. Hondarra kendu eta asfaltoa botako da. Pilotalekuaren erabiltzaileek egindako eskaeratik abiatu da Udala erabakia hartzeko garaian. Gainera, «lur-mota aldatuta eremua gehiago aprobetxatzeko eta ekitaldi gehiago egiteko aukera emango duela uste dugu», gaineratu dute. Lanen aurrekontua 355.000 euro ingurukoa da eta bi hilabeteko iraupena izango dute.

Fotos

Vídeos