'0 KM' lasterketa izango da bihar, abenduak 31

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Elkartasun lasterketa taldearen eskutik izango da bihar lasterketa Oiartzunen. Inguruko herrietan, ohikoa da San Silbestre egunez maratoi, erdi maratoi zein lasterketak egitea. Oiartzunen urteko azken igandean egin izan da 2013az geroztik '0 KM' lasterketa. Kasualitateak kasualitate, aurtengoan abenduaren 31rekin egokitu da. Iazko edizioan 200 korrikalarik baino gehiagok lortu zuten helduen ibilbidea bukatzea, eta haurrena 50ek.

Lasterketa herrikoia igande goizean izango da. Haurren lasterketa 10:30ean hasiko da eta helduena 11:00etan. Haurren kasuan, urteen arabera taldeak egingo dira eta plaza inguruan bueltatxoak emango dira.

Helduek berriz, 6,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, gorabeheratsua.

Plazatik abiatuko dira Ergoien aldera, Fortaleza parean Altzibar aldera hartuko dute. Zokoloko bidean barrena segi eta Altzibarko plazatik pasa ostean Iturriotzera hartuko dute. Iturrioztik, Ibarre ondotik, Ugaldetxora eta hemen goranzko bidea hartuko dute. Tolarietaraino Rafael Pikabea hiribidean barrena. Hortik, Elorrondo kalean barrena segiko dute kiroldegiaren aurretik pasaz. Gero, Arraskularre kalean barrena plazara iritsiko dira berriro ere.

Oraindik izena eman ez duenak egunean bertan eman ahal izango du, baina 8 euro beharrean 15 izango dira. Haurren izen ematea 9:00etatik 10:15era egongo da zabalik. Helduena, ordea, 9:00-10:30era kontzejupean.

Bukaeran, sari banaketa izango da 12:30 inguruan, gainera korrikalari guztientzat izango dira sariak. Partehartzaileeentzat opariaz gain hornidura egongo da: salda, patata tortilla pintxoa, ura ...

Beste ohar pare bat eman dituzte antolatzaileek. Batetik, kontsigna Abaraxka ludotekan izango dela, udaletxe atzeko plazan. Eta bestetik, Haurtzaro Ikastolan dutxatzeko aukera izango dela.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos