Landetxeko egitasmoari ekarpenak egiteko epea zabalik

Udalak herritarren aurrean aurkeztu du egitasmoa. / GOIZARIN

Hilaren 28a arte erakusketa informatiboa dago pleno aretoan

GOIZARIN OIARTZUN.

Pasa den asteazkenean, Landetxe inguruan, Mendiburu 14 eraikinaren eremuan, erabilera anitzeko udal ekipamenduaren egitasmoaren aurkezpen publikoa egin zuen Udalak, proiektua lantzen ari den Astazaldi arkitektura estudioko kideekin batera.

Euskara, kultura eta erretiratuen arloentzako ekipamendua sortzea da asmoa eta horrekin batera, Landetxe plaza biziberritzeko obra integrala ere badu Udalak eskuartean.

Hilaren 28a arte, erakusketa informatiboa dago udaletxean ikusgai (egunero, 09:00etatik 21:00etara). Gainera, azalpenak ematen egongo dira goizez (11:00-13:00) eta arratsaldez (18:30-20:30) egun hauetan: gaur -hilak 14-; hilak 18, asteartea; hilak 20, osteguna eta hilak 26, asteazkena.

Orain arte, egitasmoarekin harreman zuzena duten eragile eta erabiltzaileekin lanketa egin da, aurreproiektua diseinatzeko. Hala ere, Udalak oiartzuar guztiekin partekatu nahi du egitasmoa, aurrera egin ahal izateko.

Horregatik, hilaren 28a arte herritarren ekarpenak eta iritziak jaso nahi ditu Udalak. Horretarako bi bide izango dira: batetik, erakusketa informatiboan eta bestetik, internet bidez (ekarpenak@oiartzun.org).

Fotos

Vídeos