Labore Oarson, eskualdeko artisauen produktuak gabonei begira

Zeramikazko produktuak.
/BASTEROBERRI
Zeramikazko produktuak. / BASTEROBERRI

Eskuz egindako hainbat produkturentzat txokoa egin dute

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Labore Oarso eskualdeko proiektu bat da, lehen sektoreari garrantzia eta lekua ematen diote. Bertako produktuak eta produktu ekologikoak, prezio justuan eta eskutik eskura eskaintzen dituzte.

Labore Oarso eskualdeko proiek-tua izanagatik kokaleku fisikoa Ugaldetxon du, Oiartzunen. Duela zor-tzi hilabete jarri zen martxan 150 bazkiderekin, baina dagoeneko 565 izatera ailegatu da. Bazkide hauetatik 250 oiartzuarrak dira, 150 oreretarrak, 50 lezoar eta beste 50 pasaiatar. Jon Legorburu lehendakariaren hitzetan: «Proiektua eskualde osokoa da baina hurbiltasunak oiartzuarren alde jokatzen du. Pozik gaude oiartzuarrekin baina beste herrietako jendea animatu nahi genuke gure 'familiako' kide izatera».

Bazkideek 50 euroko kuota ordaintzen dute urtean, diru hori dendako mantentze lanetarako erabiltzen dute. Legorburuk argi utzi zuen bere adierazpenean ekoizpen eredu industrialean ez dutela sinesten, «guk ekoizle txiki eta ertainekin egiten dugu lan. Lehen sektoreari merezi duen esparrua ematen diogu, eta tratu justuak egiten ditugu».

Legorburuk aitortu zuen oraindaino elikagaien eremuan zentratu direla. Baina, orain gabonei begira eskualdeko hainbat artisaurekin adostu dute beren produktuak Labore Oarsoko dendan jartzeko. Artisauek oso ongi erantzun dute, momentuz errenteriako Kromosoma tailerreko jostailuak edota Idurre Elosegi pasaiatarraren zeramika lanak daude ikusgai eta erosteko moduan. Artisau gehiagorekin hitz egina dute, eta ahal bezain pronto jarriko dituzte dendan beren produktuak eskualdeko artisau gehiagok.

Aurrera begira, hala ere, artisauek dendan leku finko bat edukitzea gustatuko litzaieke Labore Oarsokoei. Jon Legorburu: «Elikadurarekin dugu filosofia bera da, finean. Eta zergatik ez? Eskuz landutako elikagaiak ez badira ere, eskuz landutako produktuak dira, bertakoak. Beraz, gure dendan eta proiektuan badute lekua». Labore Oarsoko kideek bazkide izan edo ez beren Ugaldetxoko dendara luzatu dute gonbita ezagutzeko eta nahi izanez gero, erosteko. Gainera, larunbat honetan Errenteriako Merkatu Zaharren izango den merkatuan izango direla Labore Oarsoko makina bat produkturekin esan digu Legorburuk.

Fotos

Vídeos