Karrikako Andramari jai bikainak

Haurtzaro Dantza taldeko lagunek ikuskizun ederra eskaini zuten.
Haurtzaro Dantza taldeko lagunek ikuskizun ederra eskaini zuten.

Artaso elkarteko kideek antolatu dituzte

GOIZARIN OIARTZUN.

Ostiralean hasi eta lau egunez luzatu dira Karrikako festak, eguraldi bikainarekin. Festa biribilak izan dira, parte hartzeari eta giroari dagokionez, eta Artaso elkarteko kideak «oso pozik» daude auzotarrek nahiz herritarrek emandako erantzun paregabearekin.

Ama Birjinaren festak iraun duten lau egunetan hamaika ekitaldi izan dira Karrika auzoan. Ostiralean, Artaso elkartean XXX. Truk Txapelketa jokatu zen. 53 bikote animatu ziren eta lehen saria Eneko Huitzi-Andoni Mitxelena bikoteak eraman zuen; bigarren saria, berriz, Nikolas Garmendia-Patxi Gaztelumendi bikoteak irabazi zuen.

Larunbatean, goizeko IX. Mountain bike proban txirrindulari andanak parte hartu zuen. Eguraldi paregabea zutela, 26 kilometroko ibilbide ederra osatu zuten.

Eguerdian, auzo bazkarian Erretizarrene baserriko Juan Mari Etxebeste eta Arraskuko Maritxu Mitxelena aitona-amonak omendu zituzten. Etxebestek txapela dotorea jaso zuen; Mitxelenari, berriz, lore-sorta ederra eman zioten festa batzordeko kideek.

Arratsaldean, hamarnaka lagun bildu ziren XVIII. sagardo dastaketan. Tortilla-patata eta txorizo pintxo goxo askiak ere baziren, edateko lanak samurtzeko.

Igandean, kirola nagusi

Igande goizean, kirol zaleek izan zuten zer ikusi Karrikan, lehengusuen arteko pilota partida frontoian: Aitor eta Beñat Leonet Arbelaitz versus Aritz eta Josu Leonet Aranburu. Aurten Aitor eta Beñat izan dira garaile, 22-14 mendean hartuta Josu eta Aritz lehengusuak. Aurretik gaztetxoak aritu ziren pilota jokoan.

Atzo, dantza eta pilota nagusi

Atzokoan, meza nagusiarekin eman zioten hasiera goizeko jardunari. Gero, Haurtzaro dantza taldeak ikuskizun polita eskaini zuen Artaso frontoian. Pilota partidak eta Toka txapelketa ere izan ziren goiz partean. Arratsaldean, berriz, idi-demak bildu zituen ikusleak Artaso frontoian. Urtero legez, zezensuzkoak agurtuko ditu aurtengo jaiak.Karrikako festak amaiturik, Gurutze auzoak hartuko du orain jaien lekukoa. Irailaren erdialdean ospatuko dira.

Fotos

Vídeos