Jesus Ruiz Echevarriaren erakusketa dago udaletxean

Jesus Ruiz Echevarria artistaren pinturak ikusgai daude./
Jesus Ruiz Echevarria artistaren pinturak ikusgai daude.

Hilaren 23an jarri zuten eta urtarrilaren 4a bitarte egongo da

BASTEROBERRIOIARTZUN.

Jesus Ruiz Echeverria margolariaren atzera begirako lanak ikusteko aukera dago udaletxeko areto nagusian datorren osteguna arte, urtarrilaren 4a arte.

Erakusketaren ordutegia astelehenetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara izango da. Igande zein jai egunetan, ordea, goizeko 11:30etik 13:30era. Artistaren alaba egongo da bertan argibideak emateko edota laguntzeko prest.

Jesus Ruiz Echevarriaren margolanak jarriko dira erakusgai. Margolariak dagoeneko 92 urte ditu eta gaur egun Irunen bizi da Ama Xantalen egoitzan. 1925eko ekainaren 8an jaio zen Deustun (Bizkaia). Bere haurtzaroa eta gaztaroa Negurin, Algortan, pasa zituen.

Eskola garaian marrazketan eta trebetasun artistikoetan nabarmendu zen. Gerora, bizitzaren gorabeherak medio, Bartzelonara joan zen eta bertan bizitu zen. Bertan, era guztietako artelanen zaharberritzean aritu zen lanean. Artelanen munduan murgildurik, «margolari autodidakta» gisa definitzen dute ingurukoek; lanean zein museoetan ikusitako margolari handiengandik ikasi baitzuen.

Naturaren edertasunaren bilaketa da bere sortze-prozesuaren iturburu. Halere, denetariko margolanak ditu: bodegoiak, paisaiak, erretratuak, biluziak... Udaran Irunen egin zuen bere lanen erakusketa. «Harrera bikaina izan zuen» bere alaba Begoñaren hitzetan. Artista bera, Jesus Ruiz Echevarria, bere senideen laguntzarekin erakusketa ikustera joan zen, «hunkigarria izan zen aita bere margolanei begira hunkituta ikustea» zioen bere alabak. Senideek margolariaren lana aditzera eman nahi dute, eta horren harira ari dira erakusketak antolatzen. Hala eta guztiz ere, margolanak erosi nahi izanez gero ere aukera izango da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos