Jesus Ruiz Echevarriaren erakusketa egongo da ikusgai udaletxean

Margolaria bere lanei begira Irunen egin zen erakusketan,/
Margolaria bere lanei begira Irunen egin zen erakusketan,

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Jesus Ruiz Echeverria margolariaren atzera begirako lanak ikusteko aukera izango da udaletxeko areto nagusian datorren larunbatetik aurrera; hots, hilaren 23tik urtarrilaren 4a arte.

Erakusketaren ordutegia astelehenetik larunbatera arratsaldeko 18:00etatik gaueko 21:00etara izango da eta, igande zein jai egunetan, goizeko 11:30etik 13:30era. Artistaren alaba egongo da bertan argibideak emateko edota lagun-tzeko prest.

Jesus Ruiz Echevarriaren margolanak jarriko dira erakusgai. Margolariak dagoeneko 92 urte ditu eta gaur egun Irunen bizi da Ama Xantalen egoitzan. 1925eko ekainaren 8an jaio zen Deustun (Bizkaia). Bere haurtzaroa eta gaztaroa Negurin, Algortan, pasa zituen. Eskola garaian marrazketan eta trebetasun artistikoetan nabarmendu zen. Gerora, bizitzaren gorabeherak medio, Bartzelonara joan zen eta bertan bizitu zen. Bertan, era guztietako artelanen zaharberritzean aritu zen lanean. Artelanen munduan murgildurik, «margolari autodidakta» gisa definitzen dute ingurukoek; lanean zein museoetan ikusitako margolari handiengandik ikasi baitzuen.

Naturaren edertasunaren bilaketa da bere sortze-prozesuaren iturburu. Halere, denetariko margolanak ditu: bodegoiak, paisaiak, erretratuak, biluziak... Udan Irunen egin zuen bere lanen erakusketa. «Harrera bikaina izan zuen» bere alaba Begoñaren hitzetan. Artista bera, Jesus Ruiz Echevarria, bere senideen laguntzarekin erakusketa ikustera joan zen, «hunkigarria izan zen aita bere margolanei begira hunkituta ikustea» zioen bere alabak. Senideek margolariaren lana aditzera eman nahi dute, eta horren harira ari dira erakusketak antolatzen. Hala eta guztiz ere, margolanak erosi nahi izanez gero ere aukera izango da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos