'Izar bat, ardo bat' ekimenaren arrakasta

Valdelanako eta Otorduko bezeroei esker ona adieraztea eta ardo- familia ezagutzera ematea ziren festaren helburu nagusiak

GOIZARIN OIARTZUN.

Pasa den asteazkenean, burutu zen 'Izar bat, ardo bat» ekimena, Ibargain parkeko txoko berezi batean. Hantxe uztartu ziren bost izar beste horrenbeste ardorekin. Antolaketa lanetan Elciegoko Valdelana bodegak, Otorduk, Gipuzkoa osoan errestaurazioan elikagaiak eta edariak banatzen dituen enpresa, eta Oiartzungo taberna batzuk parte hartu zuten, hala nola Amaxkarrek, Kabitxok, Mirenek, Toki-alaik, Tolaitak eta Donostian zazpi taberna dituen eta oiartzuarra den Paul Arrillagak ere.

Helburu bikoitza zituen festak: alde batetik, Valdelanako eta Otorduko bezeroei esker ona adieraztea eta, bestetik, Valdelanako ardo- familia ezagutzera ematea.

Ibargain Flauta Taldeak eman zion hasiera arratsaldeko 21:30ean, 120 lagun bildu zituen ekitaldiari. Gero, ilundu bitartean, tabernariek prestatutako pintxoak dastatu ziren Valdelanako ardoekin.

Juanje Valdelanak, Valdelana bodegako enologoak, eta bere semea den Juanek eraman zuten aurrera «Izar bat, ardo bat» ekimena. Bodegaren ezaugarriak aipatu zituzten eta Euskal Herriko Hegoaldean egiten den Errioxako izendapena duen ardoa dela azpimarratu zuten. Gero, bost izar-konstelazio, bost kondaira eta bost ardo uztartu zituzten. Aitak uztarketaren arrazoiak eman zituen eta semeak ardoen ezaugarri teknikoak landu zituen. Tamalez, hodeiek ez zuten zeruko izarrak ikusten utzi, alabaina programa informatiko baten bidez pantaila batean momentuko zeruaren egoera ikusteko aukera eman zuten.

Oso giro ona sortu zen tabernari, bezero eta bertaratu zen lagun guztien artean. Inork ez zekien zertan zetzan antolatutako uztartze berezia eta oso sorpresa atsegina izan zen guztientzat. Azken momentuan eta ekitaldia bukatzeko Arturo izar gaztea, uztarketako lehenengo protagonista, azaldu zen zeruan agur esatera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos