Iturriotz auzoko lagunak ibili dira festarik festa bi egunez

aimar Irigoien bola borobilarekin erakustaldia eskaintzen.

Orain, indarrak berreskuratzeko bi eguneko atsedenaldia eta saninazioak ospatzera

GOIZARIN OIARTZUN.

Bi egunez festatik festara ibili ondoren, indarrak berreskuratzeko bi eguneko atsedenaldia hartuko dute gaur eta bihar iturrioztarrek. Izan ere, oraindik saninazioak gelditzen zaizkie ospakizunetan jarraitzeko. Auzotarrek giro ederrean igaro dituzte orain arteko jai egunak, eguraldiak gehiegi lagundu ez badu ere. Gazteak lanean ari dira serio demonio, prestatutako egitaraua betetzeko asmoz. Hortaz, auzoko haur nahiz heldu gozatzen dabiltza, neurriko ekitaldiekin. Kanpoko bisitariak ere animatzen dira Santiyutan Iturriotz auzora gerturatzen.

Atzoko egunak ere askorako eman zuen. Goizeko 09:00etan esnatu ziren auzotarrak Lartaun Txistulari taldearen ttun-ttun doinuekin. Gero, Jose Mari Landa Zolotiar baserriko apaizak eman zuen meza nagusira 150 lagun elkartu ziren.

Herri Kirolak, ikusmin handia

Eta herri kirolak saiorako auzotar eta bisitari ugari bildu zen Soroaren pareko bidean. Aimar Irigoien harri-jasotzaileak 125 kg-ko errektangularrarekin 20 altxaldi egin zituen. Ugaitz eta Aratz Mugertza aizkolariek, berriz, kana erdi eskaseko 6 enbor ebaki zituzten. Aurretik, ordea, zein baino zein azkarrago ebaki aritu ziren jokoan. Azkenik, Aimarrek 100 kg-ko bolarekin agur ikusgarria eskaini zuen, bertaratutako lagunek eskainitako txalo zaparradaren artean.

Arratsaldean, berriz, Kronoeskaladan makina bat gaztetxo animatu zen Etxe Nagusiraino edota Estratabururaino bizikletaz igotzen, Frantziako Tourrean ibili diren txirrindularien antzera. Hura bizikleta festa! Gero, Garmendi beheko zelaian artzain txakur lehiaketa ikusi zen. Eta egunari amaiera ezin hobea emateko ogitartekoak Soroan musika emanaldiarekin batera. Ane Badiola, Joxe Leon Kazabon eta Irati Odriozolak kantari jarri zituzten saiora gerturatu ziren lagunak. Giro aparta sortu zuten, beste behin ere!

Truk txapelketa

Arrakasta izan zuen astelehenean Iturri-berri elkartean jokatu zen truk txapelketak ere. Izan ere, 57 bikotek eman zuten izena eta goizaldera arte aritu ziren jokoan. Aurtengo irabazleak Gorka eta Rebeka irundarrak izan dira. Zuberoa jatetxe ospetsuan afari ederra irabazi zuten; bigarren suertatu ziren Juan Mari Zabaleku eta Jose Mari Arrastua bikote oiartzuarra, itsaskiekin; eta hirugarren Xabier Arzallus eta Joxe Migel Lopez oiartzuarrak, arkumearekin. Errepeskan, berriz, lehenengo saria Zigor Lekuona eta Nikolas Mitxelena bikote oiartzuarrak eraman zuen; eta bigarren Jon Iza eta Imanol Zapirain bikoteak.

Saninazioak zain

Orain saninaziotan zein eguraldi egingo duen begira dabiltza Festa Batzordeko gazteak. Santiyo bezperan egin zuena baino hobea bada, denak konforme.

Temas

Jaiak

Fotos

Vídeos