Iturriotz auzoko festak bikain amaitu dira

Auzoko festa batzordeko kideek lortu zuten giro paregabea sortzea.

Iturriozko Festa Batzordeko gazteek lan bikaina egin dute, beste behin ere

GOIZARIN OIARTZUN.

Santiyo bezperan hasi eta San Inazio egunean bukatu dira Iturriotzko festak, auzoen artean luzeenak izan ohi direnak. Festa biribilak izan dira, parte hartzeari eta giroari dagokionez, nahiz eta eguraldiak gehiegi lagundu ez.

Festak iraun duten sei egunetan hamaika ekitaldi izan dira Iturriotz auzoan, eta atzo ere halaxe izan zen. Goizean, tortilla txapelketara 11 koadrila animatu ziren eta Kattalin Iriondo Gaztelumendi, Leire Videira Gil eta Nagore Caballero Artola hirukoteak eraman zuen lehen saria. Gero, idi-dema izan zen protagonista. Telleriaren idi pareak 64 plaza egin zituen; Mixiyuaren pareak, berriz, 63.

Eguerdian, San Inazio eguneko klasikoa bihurtu den Erromeria ospatu zen Beheko Soroan. Hirurehun lagun elkartu ziren propio jarritako mahaietara, giro paregabean.

Paella ederra dastatzeko aukera izan zuten, baita oilasko errea ere. Bazkaldu ondoren, gaztelu puzgarriek ez zuten kale egin txikien gozamenerako. Bitartean preso eta iheslarien aldeko bingoa eta toka txapelketa. 'Bide-Batez' musika taldearekin, berriz, gorputza ederki astintzeko unea iritsi zen, bai txikientzat, baita helduentzat ere, dantzari onenen gisara. Saltoka eta dantzan galdutako indarrak berreskuratzeko, berriz, bokata goxoak iluntzean.

Eta orduan iritsi zen unerik gustukoena, zezensuzkoa. Eta hurrengo urtera arte agur esateko kalejira auzotik barrena, hunkigarria izaten dena. Izan ere, makina bat haur, gazte, gaztetxo eta heldu, eskutik hartuta, salto eta brinko, egin zuten Juanenerainoko buelta, goiti eta beheiti. Hala amaitu zen Iturriotzko 'Aste Nagusia'. Heldu den urtean gehiago.

Más

Fotos

Vídeos