Irakurzaletasuna sustatzen ikasleen artean

Eskuttuneko ikasleak Juul kanpaina aurkezten. / BASTEROBERRI
Eskuttuneko ikasleak Juul kanpaina aurkezten. / BASTEROBERRI

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Haurtzaro Ikastolan Juul kanpaina jarri dute abian, Aste Santuko oporrak amaitu ondoren. «Kanpainaren nahia da irakurzaletasuna sustatzea, liburuen artean gozatzea, liburuen artean disfrutatzea», adierazi du Aritz Gonzalez zuzendariak. «Amesteko aukera bat delako, sormena lantzeko bide aproposa delako, dibertigarria delako, besteen istorioak irakurriz ikasteko, gehiago jakiteko, zorion-tsu sentitzeko... Horregatik guztiagatik, irakurtzea ezin hobea da», nabarmendu du.

Kanpaina honek irakurzaletasuna indartzea eta ikasleek gustukoen dituzten liburuak aukeratzea ditu helburu nagusiak. Asmo horretan, hilaren 9an abiatu eta maiatzaren 4ra bitarte hainbat ekintza egingo dituzte Haurtzaroko ikasleek; besteak beste, korridoreak apaindu, eskulanak egin, ipuinak irakurri (tutoreek beste geletako ikasleei, Eskuttuneko ikasleek Haur Hezkuntzakoei edota LH 5. nahiz 6. mailakoek LH1. eta 2. mailakoei) eta JUUL bozketan (Nafarroako Ikastolen Elkarteak antolatzen dituen liburu eta ilustratzaileen hauteskunde literarioak) parte hartu. Horrez gain, «ikasleek, bereziki, zenbait esaldi zuzen erabiltzen ikastea nahi dugunez, hainbat esaldi landuko dugu kanpainak irauten duen bitartean, baita aurrerantzean ere», zehaztu du zuzendariak. Bukatzeko, ikasleek 'Juul abestia' ikasi eta abestuko dute. «Denon artean lortuko dugu liburuen artean gozatzea, liburuen artean ongi pasatzea eta euskaraz zuzen egitea». Horrelako ekimenekin ez dago zalantzarik.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos