Irailaren 13an Lourdesera ibilaldia, Gazte Izanak elkartearen eskutik

Iokin Aizpuru zinegotziak Xanisteban 2017 Joko Txapelketako irabazleak saritu zituen. Eskubian, oiartzuarrak lehian./GOIZARIN
Iokin Aizpuru zinegotziak Xanisteban 2017 Joko Txapelketako irabazleak saritu zituen. Eskubian, oiartzuarrak lehian. / GOIZARIN

Eta urriaren 8, 9 eta 10ean Asturias aldera joko dute, Covadonga, Liebana, Potes eta Llanes bisitatzera

GOIZARINOIARTZUN.

Gazte Izanak elkarteak antolatuta, irailaren 13an, asteazkenarekin, Lourdesera ibilaldia egingo da animatzen diren herritarrekin. Goizeko 07:00etan jarri dute hitzordua, ikastolako aparkalekuan. Handik abiatu eta Frantziako hegoaldera joko dute. Bidean gosaldu ondoren, 10:00ak aldera iritsiko dira Okzitaniako hiri ezagunera. Han, santutegi ospetsua bisitatuko dute, baita leizea ere. Gero, Roissy hotelera joango dira bertako jatetxean bapo bazkaltzera.

Arratsalde partean, hainbat prozesiotan parte hartuko du Oiartzungo taldeak. Horietan, ezagunena kandelekin egiten dena da. «Gaueko 21:00etan hasten bada ere, merezi du ikustea. Hortaz, etxerako bidea hura bukatzean hartuko dugu», adierazi du Fermin Lorza Gazte Izanak elkarteko lehendakariak. «Oiartzuar guztientzat prestatu dugu irteera», gaineratu du. Interesatuek gaurtik hasi eta irailaren 8a bitarte izena eman dezakete elkartean (goizeko 10:00etatik 12:00etara bitarte), 40 euroren truke.

Urrian, Asturias aldera

Oiartzungo erretiratuek beste data bat markatu beharko dute euren agendan. Izan ere, urriaren 8, 9 eta 10ean Asturias aldera joko dute eta oso bisita interesgarriak egiteko asmoa dute. Besteak beste, Covadonga, Cangas de Onis, Llanes, Potes, Santo Toribio de Liebanako monastegia eta Arenas de Cabrales ezagutuko dituzte gida baten eskutik.

Hortaz, interesatuek izena eman dezakete elkartean (goizeko 10:00etatik 12:00etara bitarte), 140 euroren truke. Prezioan garraioa, otorduak, bi eguneko hotela eta bisita gidatuak hartu dira kontuan.

Xanisteban Joko Txapelketa

Gazte Izanak Zar-Saridunak Elkarteak urtero legez Xanisteban 2017 Jokoen Txapelketa jarri zuen martxan uztailaren hasieran. Besteak beste, mus, truk, puntto, tute, seiak, boluak, toka, igela eta bote izaten dira joko nagusiak.

Xanistebanetan, berriz, hainbat final jokatu ziren eta honakoak izan dira aurtengo irabazleak: boloetan, Juan Antton Irazusta; tokan, Patxi Arzallus; igelean, Jabier Ugaldebere, eta botean, Francisco Martin. Ioritz Aizpuru zinegotziak eman zien guztiei merezitako saria.

Gaur odol erauzketa

Gaur, arratsalean, Oiartzungo odol emaileek bere borondatea egiteko aukera izango dute, beti bezala Esteban Muruetagoiena Anbulatorioan. Hitzordua arratsaldeko seiietan izango da. Abuztuari dagokion odol erauzketara emaile berriak azaltzera animatu nahi ditu Angel Mari Mendizabal Oiartzungo arduradunak. «Udan ere odola behar da, eta bereziki herriko gazteak animatu nahi ditugu», azpimarratu du Mendizabalek.

Azken saioan, ekainaren 27an, 58 emaile azaldu ziren, horietatik hiru berri.

Fotos

Vídeos