Iñaki Zabaleta eta Salamancako Aldundiko ikasleen taldea kontzertuan

Doneztebe plazan izango da, 18:30ean; gero musikariekin afaria, Kontzejupean

GOIZARINOIARTZUN.

Soinuenea Fundazioak antolatuta (Herri Musikaren Txokoak) Udako Kontzertua izango da gaur, hilak 8, Doneztebe enparan-tzan, 18:30ean hasita. Dohainik da; hortaz, ez da sarrerarik ordaindu beharko. Batetik, Iñaki Zabaleta abeslari oiartzuarrak 'Ibar ixil batean' deitu duen disko berriko doinuak kantatuko ditu. Bestetik, Salamancako danbolinteroen musika joko du Salamancako Aldundiaren Instituto de las Identidades-eko ikasleek Manuel Perez maisuaren gidaritzapean.

Kontzertua bukatuta, berriz, Kontzejupean afaria izango da. Hantxe musikariekin egon, jan, kantatu, jo eta dantzatzeko aukera izango da. Izena emateko komeni da lehenbailehen Soinueneara deitzea (943 493 578). Bestela, eros daiteke txartela Amaxkar tabernan edo Garmendi txokolategian. Afarira joaten direnek 15 euro ordaindu behar dituzte.

Iñaki Zabaleta kantari eta musikari oiartzuarrak 'Ibar ixil batean' diskoa plazaratu zuen maiatzean. Hortaz, bere bakarkako bosgarren lana aurkeztuko du gaurko kontzertuan, herritarren aurrean. "Hamabi kantu bildu ditut disko berrian, horien artean Oiartzungo herriari eskainitako aleak nabarmentzen dira", adierazi du Zabaletak.

"Oiartzuar kutsu handiko diskoa da 'Ibar ixil batean'", gaineratu du. Izenburu horrekin Antonio Valverde 'Ayalde' pintorea omendu nahi izan du Zabaletak. "Valverdek 1970ean 'Ibar ixillean' liburua plazaratu zuen, Oiartzungo ohiturak, ar-tzainen eta baserritarren bizimodua... deskribatzen zituelarik. Haren omenez jarri diot izen hori diskoari".

Salamancako dantzen tailerra

Gaur goizeko 11:30ean Kontzejupean Salamancako dantzen tailerra izango da Instituto de las Identidades-eko irakasle eta ikasleen eskutik. Hortaz, Salamancako herrialdean gorde diren erritmo eta koreografiak ezagutzeko aukera paregabea.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos