Ibargaingo musikarien ikasturte bukaerako kontzertu jaialdia, gaur

Matrikula epea zabalik dago ekainaren 28a arte; Udalak emango duen laguntza erantsiari esker kuotak merkeagoak izango dira

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Ibargain Musika Eskolako ikasleek ikasturteari agur esateko hoberen dakiten modua aukeratu dute aurten ere: musikaren bidez. Denera, bost kontzertu antolatu ditu Musika eskolak. Pasa den ostegunean eta ostiralean, gaztetxoen kontzertu bana izan ziren, Elizalde eta Haurtzaroko 6-8 urte bitarteko ikasleentzat zuzenduta. Besteak beste, tronpeta, klarinetea, zeharkako flauta eta flautina, harpa, gitarra, biolina, biolontzeloa, akordeoia, pianoa eta perkusioa jo zituzten.

Gaur, dena dela, izango da kon-tzertu-jaialdi nagusia. Elorsoro kiroldegian urtean zehar ikasgeletan landutakoa erakutsiko dute 19:00etatik aurrera. Hala, Ibargain Musika Eskolako maila guztietako Instrumentu eta Koru Taldeak eta Elizalde Herri Eskolako eta Haurtzaro Ikastolako 6-9 urte bitarteko ikasleek parte hartuko dute.

Gitarra Taldea eta Hari Taldearekin (biolinak eta txeloak) emango diote hasiera. Gero, musika eskolako, pianoa, perkusioa eta batez ere gaztetxoenak izango dira protagonistak Mikel Laboaren 'Gure Hi- tzak' kantan. Horen ondoren, Japonia, Ghana eta Brasil bisitatuko dituzte hango kantak eskainiz. Horren ondoren, gurasoez osaturiko 'Amaita Swing' taldea arituko da; 'Bat batean' taldearekin jarraitzeko eta azken txanpan '3, 2, Band!' taldea tronpetekin eta koruarekin ariko da. Azkeneko bi kantetan, urtero bezala, Haurtzaro eta Elizaldetik etorritako lagunek ere kantatuko dute haiekin batera. Azpimarratzekoa da azkeneko kantan, Xabier Solanoren 'Erre zenituzten sorginak' kantan, Elizalde Dantza Taldea eta Haurtzaro Dantza Taldea ere taularatuko direla.

Bestalde, herriko bi ikastetxeetara ere gerturatuko dira ikasgelaz ikasgela instrumentuen aurkezpenak egitera, gertutik ezagutu ditzaten. Elizalde Eskolan maiatzaren 29an izango dira; Haurtzaro Ikastolan, berriz, ekainaren 12an.

Azkenik, ekainaren 8an arratsaldean, Landetxe Plazan Laia Tabernaren eskutik 'Bat batean' eta 'Hiru bi Band!' taldeek kontzertu bat eskainiko dute plaza girotuz.

Musika saioak, doan

Urtero bezala, Ibargain Musika Eskolak ekainean benetako musika saio bat doan eskainiko du probatu nahi dutenei. Oiartzuar gaztetxo eta helduak hurbiltzera animatu nahi dituzte «gure saioak dastatzera, baterian, pianoan, gitarran, biolinean, txeloan, akordeoian, flauta, tronpeta eta klarinetean. Hurbildu lasai eta lehenengo urratsak eman kortxeen munduan, merezi du eta!», adierazi du Juan Pablo Lizartzak, Ibargain eskolako zuzendariak.

«Matrikula epea zabalik dago ekainaren 28a arte eta jakinarazi nahi dugu Oiartzungo Udalak emango duen laguntza erantsiari esker kuotak merkeagoak izango direla 2018/2019 ikasturtean Oiartzunen erroldatuak daudenentzat», gaineratu du. Ibargain Musika Eskolan ekainaren 21ean ikasturtea bukatuko dute ikasturtea. «Merienda batekin ospatzeko asmoa dugu».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos