Herriko haurrak gozatzen ari dira udalekuetan

Saharako gaztetxoak Nabil Salma begirale sahararrarekin.
Saharako gaztetxoak Nabil Salma begirale sahararrarekin. / GOIZARIN

GOIZARIN OIARTZUN.

Udaleku irekiak uztailaren 3an hasi ziren eta uztailaren 28ra bitarte luzatuko dira aurten. Hilabetean zehar, 3 urtetik LH 6. maila arteko 428 haur oiartzuarrek eta bederatzi sahararrek goizero (09:30etik 13:30era) aisialdi euskaldun, hezitzaile eta hezkidetzan ongi pasatzen ari dira. 41 hezitzaile, 3 koordinatzaile eta praktiketako 6 kideren ardura da hori bermatzea.

Dagoeneko astebete igaro dute eta egindako ekintzekin bideo bat osatu dute non argi eta garbi ikusten den zer nolako ekintza burutu dituzten. Esate baterako, Petra Lekuona Zaharren Egoitzara gerturatu dira eta edadetuekin une goxoak bizitu dituzte; Arraztalok dituen baratzetan ere lanean ibili dira; begiraleek prestaturiko magiaz gozatu dute; ur jolasak egin dituzte; Soinuenea Herri Musikaren Txokoa bisitatu eta matrakak prestatu dituzte; herri kirolak, hockey egiten ibili dira; kometak egin eta haiek hegan jartzen...

Elkartasunaren gaia lantzeko, berriz, Sahara Eguna ospatuko dute gaur, El Watan taldeko kideekin batera. «Aurten motxilak eta estutxeak bildu nahi ditugu, Saharatik etorritako haurrek eskolako materiala garraiatzeko bertan», adierazi du Nekane Martiarena arduradunak.

Ikusten den modura, aurten ere ez dute aspertzeko betarik izango herriko haurrek.

Fotos

Vídeos