Haurtzaroko ikasleak Bretainiara doaz, astebetez

Haurtzaro ikastolako DBH 3. mailako frantsesko ikasle taldea. / BASTEROBERRI

Bihar abiatuko dira 38 ikasle eta 3 irakasle; urriaren 1ean itzuliko dira

BASTEROBERRIOIARTZUN.

Bederatzigarrenez, martxan da Haurtzaro ikastola-Gwiseniko Diwan eskolako (Bretainia) ikasleen arteko elkartrukea, urtero gauzatzen dena. Aurten, DBH 3. mailako ikasleek hartuko dute parte elkartrukean eta frantsesa ikasteko grina piztea da programaren xedea.

Gwisseni herria Bretainiako iparraldean dago, Brestetik 30 km-ra, Finisterre departamenduan kokatua. Hango biztanleek bretoieraz hitz egiten dute. Eskolak ikastolen antzekoak dira, eta ikasgaiak bretoieraz ikasten dituzte, frantsesa, ingelesa eta latina izan ezik.

Aurtengoan ere ikasle mordoska joango da Haurtzaro Ikastolatik Bretainiara, 38 hain zuzen. Eurak izango dira elkartrukeko lagunak bisitatuko dituzten lehenak, izan ere bihar abiatuko dira eta urriaren 1a bitartean han izango dira. Gwiseniko ikasleak, berriz, 2018ko martxoan izango dira Oiartzunen.

Haurtzaro ikasleek Bretainiako familia batean astebete igaroko dute eta, heldu den martxoan Bretainiakoek haien etxeetan hartuko dituzte. Bretainiara egindako bidaian, hainbat jarduera egingo dituzte: itsas-museoaren bisita, oihalgintza, crêpe tailerrak, bustingintza, kirol bretoiak. Ikasleek ez dute hortaz aspertzeko astirik izango.

Ikasleen zein arduradunen esanetan esperientzia oso positibo baloratzen da aspektu guztietan. Proiektu horrek hezkuntza komunitateko eremu desberdinetan du eragina, gainera. Batetik, ikasleek ikasgelan ikasitako hizkuntza egoera errealetan baliatzeko aukeraz gozatzen dute, arrotza edo ezezaguna zaienari aurre eginez eta komunikazio egoeretan sor daitezkeen oztopoak gaindituz. Horrek guztiak aurrerapauso handiak dakartza euren garapen prozesuan. Beste giza eredu batzuk ezagutzea eta horiek baloratzen ikastea ikuspegi irekiago eta toleranteago bat eraikitzeko giltza dira eta proiektu horrek horixe ahalbideratzen du, besteen artean.

Bestalde, «elkartruke horrek hizkuntza gutxituekiko kontzientzia eta elkartasuna indartzen ditu; izan ere, geure ama hizkuntzaren antzeko egoera pairatzen du bretoierak. Elkartasun horrek, hizkuntza batek bizirik irauteko beharrezkoak dituen urratsak eta baliabideak zein diren hausnarketa egitera bultzatzen ditu ikasleak», adierazi du Pilar Altuna Haurtzaro ikastolako frantseseko irakasleak.

Egitarau oparoa

Arestian aipatu bezala, bihar aterako da Haurtzaroko taldea Bretainia aldera eta ilunabarrean iritsiko da Gwisenira eta hainbat familiarekin elkartu eta haien etxeetan hartuko dute ostatu oiartzuar gaztetxoek. Igandean, urriaren 1ean, goizeko 09:00etan hartuko dute etxerako bidea, gaueko 21:00etan iristeko Oiartzun aldera.

Erronka taldea Oñatin

Haurtzaro Ikastolako Erronka taldeak Oñatin egingo diren Kilometroak festan parte hartuko du gaur, DBHko ikasleentzat propio prestatutako jokoetan. Iaz lortutako txapeldunen bandera defendatzera joango da Oiartzungo gaztetxoen taldea.

Fotos

Vídeos