Haurtzaro Ikastolaren familiak egun handia ospatuko du bihar

Haurtzaroko gitarra joleak herenegun egindako emanaldian. / BASTEROBERRI
Haurtzaroko gitarra joleak herenegun egindako emanaldian. / BASTEROBERRI

Goizeko ginkanan 263 ikaslek parte hartuko dute

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Urtero legez, Haurtzaro Ikastolako familia osatzen duten ikasle, guraso, irakasle eta bestelako langileek, eta nahi duten herritarrek, propio prestatutako egitarau oparoaz gozatzeko aukera izango dute bihar, egun osoan zehar.

Goiz mugituko dira ikastola zaleak maiatzeko azken larunbatean. Izan ere, 8:00etan etxafuegoak piztu orduko Ginkana mundiala hasiko da ikasle nahiz gurasoentzat. Guztira 263 ikaslek parte hartuko dute. Hasiera bizikleta gainean emango diote eta herritik barrena bide bat osatuko dute, Elizalde, Altzibar eta Iturriotz auzoen artean. Bide hori betetzen joateko hainbat saio eta proba egin beharko dituzte gaztetxo nahiz gazteek, hala nola hain gustuko duten tirolina, jolasak (zaku karrera, arrauna, punteria abilezia...) eta erreka jaitsiera, besteak beste.

Gero, 11:15ean eskolaz kanpoko ekintzen emanaldia edo erakustaldia iragarri dute: Bertsolariak, trikitilariak, pandero joleak, dantza garaikidea eta euskal dantzak. Beti ere, ikuskizuna emango duten artista guztiak, ikastolako ikasleak, noski.

Eskuttun taldeari esker ona

Eguerdiko 12:00etan, urteroko unerik garrantzitsuena izango da: Ekitaldi ofiziala. Saioari lehendakariak emango dio hasiera, Asier Bergaretxe jaunak hain zuzen. Gero, Eskuttun taldeari esker oneko eskaintza egingo zaio, urtean zehar euskararen normalizazioaren alde egindako lanarengatik. Jarraian, Ginkanako irabazleei sari banaketa, eta DBH-4ko ikasleen agurra. Azken hori, urteroko unerik hunkigarriena izaten da.

Eta bazkaltzera joan aurretik, ikastolako eskolaz kanpoko ekintzen erakusketaren jarraipena izango da segidan, soinketa erritmikoarekin.

Arratsaldeko 13:30ean, Ikastolako pilota plazan, urtero bezala, bazkari herrikoia hasiko da nahi duen guztiarentzat, lehendabizi ttikientzat, beranduago helduentzat. DBH 3. mailako ikasleek prestatutako saskien zozketa eta bingoa izango dira segidan.

Pailazoak eta puzgarriak

Arratsaldez ere bada zerekin entretenitua eta zerekin gozatua. 14:30etik aurrera makillaje tailerra, jolasak eta tailer ezberdinak zabalduko dira ikastolako ttikientzat. Gaztelu puzgarriak eta ohe elastikoak ere ez dira faltako haien entretenigarri eta gozagarri. Arratsaldeko 16:00etan Kiki, Koko eta Moko pailazoekin algarak nagusituko dira ikastolaren eremuan.

Arratsaldeko 18:00etan buruhandiak izango dira ttikientzat. Eta indarberritzeko bokata goxo-goxoak propio atondutako tabernan. Azkenik, egunari amaiera ezin hobea emateko apar festa. Horretaz denok behar bezala gozatzeko, uretako jantziak eta oinetakoak eramatea komeni da. Egun guztian zehar, taberna zerbitzua ere izango dute, DBH-3ko ikasle eta gurasoek antolatua eta gidatua.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos