Haurtzaro ikastolakoek egun handia ospatu dute

Giro ezin hobea izan zen antolatutako ekitaldi eta ekintza desberdinetan./BASTEROBERRI
Giro ezin hobea izan zen antolatutako ekitaldi eta ekintza desberdinetan. / BASTEROBERRI

280 ikaslek ederki gozatu dute goizeko ginkanarekin

BASTEROBERRIOIARTZUN.

Atzo, Haurtzaro ikastolako guraso, ikasle eta langileek ikasturte amaierako Ikastolaren Eguna ospatu zuten, giro ederrean. Aurreko urteetan bezala, egitarau oparoa gauzatu zuten goizean goiz hasita. Izan ere, 8:00etan zuten lehen hitzordua eta LH 3. mailatik hasi eta DBH 4. maila bitarteko 280 ikaslek parte hartu zuten guraso taldeak antolatutako Ginkana apartan. Tirolina, Oiartzun ibaiaren jaitsiera (Altzibar-Iturriotz bitarteko tartea), bizikletan txangoa, fitxen karrera, zaku-karrera, txikorta jokoa... Aukera gaitza izan zuten lagunartean primeran pasatzeko, eguraldia lagun.

Hamaikak pasatxo, berriz, hasi zen eskolaz kanpoko ekintzen emanaldia: bertsolariak, dantza garaikidea, euskal dantzariak, trikitilari eta pandero joleak, gimnasia erritmikoa... Tartean egin zuten ekitaldi ofiziala. Asier Bergaretxe lehendakariak eman zien ongietorria bertaratu ziren lagunei. Lehendabizi, Periko Sanroma zenari omenaldia egin zitzaion. Haren alarguna eta alabak bertaratu ziren ekitaldira. Gero, Eskuttun taldeko ikasleen txanda izan zen. Gaztetxo horiek urtean zehar euskararen alde egindako ahalegina oroitu zuen Aritz Gonzalez zuzendariak eta oroigarri bana eman zien.

Pailazoak eta buruhandiak

Eta goizeko jarduna amaitzeko, DBH 4. mailako ikasleek orain arteko ibilbideari errepasoa egin ondoren, haiekin lan egindako tutore irakasleak aipatu zituzten. Bertso eder batez laburtu zuten euren jarduna ikastolako gazteek.

Eguerdian bazkaria izan zuten ikastolako ikasleek, baita haien gurasoek ere. Joxe Fernandez ikastolako sukaldariak gidatuta bapo bazkaldu zuten guztiek. Gero, ttikientzat jarraitu zuen festak: makillaje tailerra, jolasak, puzgarriak, Kiki, Koko eta Moko pailazoak... Azkenik, buruhandiek eta apar festak borobildu zuten larunbateko egun bikaina. Hortaz, adin guztietako kideek izan zuten primeran pasatzeko aukera, beste behin ere.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos