Haurtzaro Ikastolak Kalitate Eredu Integratuaren akreditazioa jaso du

KEI ekitaldia. / BASTEROBERRI
KEI ekitaldia. / BASTEROBERRI

Herenegun izan zen ekitaldia udaletxeko areto nagusian

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Pasa den ostiralean, Haurtzaro Ikastolak KEI akreditazioa jaso zuen Horreum Fundazioko Aurelio Villa jaunaren eskutik, Udal areto nagusian. Haurtzaroko ordezkariek akreditazioaren lorpena familia, irakasle, langile, ikasle eta herriarekin partekatu zuten, «guztion inplikazioa funtsezkoa izan delako lortutakoa eskuratzeko».

Egun handia izan zen, beraz, Haurtzaro Ikastolaren hezkuntza komunitate osoarentzat. Ekitaldiak merezi zuen eta areto nagusia lepo bete zen guraso, ikasle, langile eta irakasleekin. Oiartzungo alkateak eta alkateordeak ere ez zuten hutsik egin ostiralean.

Asier Bergaretxe Gezala Haurtzaroko lehendakariak harro jaso zuen KEI Ikastolara iritsi denaren seinale ematen duen oroigarria. Hezkuntza komunitate osoaren saria dela KEI akreditazioa nabarmendu zuen. KEI akreditazioa ematen duen Horreum fundazioko Aurelio Villak eman zion Bergaretxeri oroigarria, hortaz, kalitatearen saria.

Vilak ziurtatu zuen gisa horretako akreditazio bakarra dela KEI, mundu mailako irizpideak jarraituz ematen dela, eta hori lortzeko bidea urteetakoa izaten dela; Haurtzarok burutu duen prozesua ere hala izan da. Villak, aldi berean, nabarmendu zituen akreditazio lortzeko bidean Oiartzungo ikastolak erakutsitako kemena eta indarra.

Baina KEI akreditazioa ez da izan Haurtzaro Ikastolak jaso duen aintzatespen bakarra. Izan ere, mende erdia bete duen urte berean, 2016-17 ikasturtean hain zuzen Ikastolak hiru akreditazio erdietsi zituen: KEI (Kalitate Egitasmo Integrala) izeneko akreditazioa, Heldutasun Teknologikoan erdi mailako akreditazioa eta Agenda 21eko aintzatespena.

Zazpi lehendakari saioan

Musikaz eta dantzaz jantzi zuten ikastolakoek ostiraleko ekitaldia. Hasieran, biolina jotzen Arkaitz Miner aritu zen eta dantzan Aritz Salamanca eta Udane Eskudero. Bigarren dantza saioa ere egin zuten gero, lau dantzarik: aurreko bikoteari Aiora Etxebeste eta Ekain Susperregi dantzariak elkartu ziren.

Haurtzaro Ikastolako zazpi lehendakari bildu ziren ostiraleko saioan. Izan ere, tamainako ekitaldiak merezitako erantzuna jaso zuen.

Hantxe zeuden Roman Irigoien, Jon Iñarra, Martxel Ansa, Angel Bergaretxe, Arantza Manterola eta Iñaki Irastortza lehendakari ohiak egungo Asier Bergaretxe lehendakariarekin batera.

Fotos

Vídeos